Ordutegirik ez, mugak, ordea, bai

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 1a, 11:23

Jendea bidegorrira bidean. Argazkia: artxiboa.

Bihar, zapatua, kalera irteteko ordutegiek ez dute eraginik izango Soraluzen. Hala ere, mugek indarrean segitzen dute. Zentzu horretan, Udaltzaingotik gogora ekarri dute behin kirola eginda edo paseoa emanda, etxean geratu beharra dagoela.

5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerrietan, ez dute eraginik izango Salvador Illa Osasun ministroak atzo, eguena, kalera irteteko iragarritako ordutegiek. Hor sartzen da Soraluze. Beraz, bihar, kirola egitera edo paseora nahi den ordutegian irten daiteke, beti ere, herriaren mugen barruan.

Distantzia eta kopurua, muga

Hori horrela izan arren, distantziaren muga -etxetik kilometro batera paseoak, kirola udalerritik irten barik- ordutegiaren muga -ordubete, umeen kasuan- eta lagun kopuruaren muga -kirola bakarka eta umeekin zaintzaile edo heldu bakarra- errespetatzen segitu beharra dago. Baita pertsonen arteko gutxieneko distantzia ere, kirolarien kasuan, bi metrokoa.

Hala, herriko Udaltzaingoak azpimarratu du “ezin dela egon kirola egiten edo paseoa ematen egun osoan, behin egin eta gero, etxean geratu” behar dela.

5.000tik gora

5.000 biztanletik gorako udalerrietan, berriz, honako ordutegiak errespetatu beharko dituzte: bakarkako kirola eta paseoak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara egin daitezke. Mendekotasuna dutenak lagundutako zaintzaileekin 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara irten ahalko dira. 14 urtez azpikoak, aldiz, 12:00etatik 19:00etara.