1.000 maskara inguru saldu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 30a, 13:23

Ibañez Antolin farmazian, maskararekin.

Geroago eta herritar gehiago dabil kalean, eta zapatutik aurrera gehiago ibiliko da. Oraingoz, kalean ibiltzeko prebentzio neurriak -maskarak, eskularruak…- ez dira derrigorrezkoak, baina askok erabili egiten dituzte. Soraluzeko bi farmazietan badituzte maskarak, eta joan den astetik, 1.000 inguru saldu dituzte (500na bakoitzak). Eskularrurik, berriz, ez zaizkie iritsi.

Farmazialariak nahikoa lan eta buruhauste ari dira izaten prebentziorako materialarekin. Azken egunotan, hoberantz egin du egoerak, eta herriko bi farmaziak maskarez ondo hornituta daude. Maskara kirurgikoek, gainera, gehienezko prezioa ezarrita dute, eta 0,96 euroan saltzen dituzte. Hori bai, hor ere gorabeherak izan dituzte.

Dirua galdu

Esaterako, Ibáñez Antolin farmazian kontatu dutenez, eurek prezioa finkatu baino lehenago erosi zituzten halako maskarak. Bakoitzarengatik bi euro ordaindu zituzten, eta, aldiz, orain 0,96an saldu behar izan dituzte. Beraz, horrekin dirua galdu dute: “Dagoeneko barneratu dugu hori”, diote etsipenez. 

Bestalde, BEZaren kasua ere azpimarratu dute: gaur egun ia-ia oinarrizko materiala izan arren, maskarek %21eko BEZa dute ezarrita. Hau da, kontsumitzaileak BEZ kopuru bera ordaindu behar du, adibidez, luxuzko zerbait erosteagatik edo maskara bat erosteagatik, eta hori ez zaie bidezkoa iruditzen.

Pentsamendu bera dute baita Kalebarrengo farmazian ere. “Saltzen dugun maskara bakoitzeko, haren irabaziaren laurden bat gobernuarendako da”. 

Eskularrurik ez

Hori horrela izanda ere, maskara asko saltzen ari dira. “Azken hiruzpalau egunotan 200-300 bat; joan den astetik, berriz, 500 bat salduko genituen”, diote Kalebarrenen. Eta Errekaldeko farmazian antzera ari direla esan dute.

Osterantzean, Errekaldeko farmazian ohartarazi dute alkoholaren prezioa bikoiztuta iritsi zaiela. Oraingoz, ez da gauza bera gertatu Kalebarrengo farmazian. Hori bai, biek ala biek azpimarratu dute ez dutela eskularrurik, eta ahaleginak egin arren, ez dakitela noiz iritsiko diren.