Astelehenetik aurrera anbulatorioan eskainiko dute arreta, muga batzuekin

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 30a, 10:59

Anbulatorioko sarrera, gaur, eguena.

Poliki-poliki, egoera “normaltasun berrirako” bidea hartzen ari da. Horren erakusle, astelehenean anbulatorioa zabaldu egingo dute, edo hobeto esanda, berriz hasiko dira bertan arreta eskaintzen. Hori bai, ezin izango da bertaratu osasun profesionalek horrela esan ezean. Hau da, segitu behar da telefonoz deitzen, eta telefono bidezko arreta emango dute. Kasuren bat bertatik bertara ikusi behar dela uste badute, orduan emango dute arreta presentziala hemen. Bestalde, larrialdi kasuetako odol ateratzeak ere bertan egingo dituzte.

Datorren astelehenetik, maiatzaren 4tik, soraluzetarrek ez dute Elgoibarko anbulatoriora joan beharko mediku baten arreta presentziala behar badute. Aurrerantzean, hori Soraluzeko anbulatorioan egingo dute, “banan-banan eta elkarren artean distantzia handiak gordeta”, Lourdes Letona medikuak esplikatu duenez.

Telefonoz deitu behar da, beti

Medikuek eurek erabakiko dute zein kasutan behar duten pazientea zuzenean artatu. Baina hasiera batean, telefono bidez eskainiko dute arreta osasun sanitarioek. Hau da, norbaitek mediku beharra badu, anbulatoriora joan beharrean, telefonoz deitu beharko du - 943 75 23 00 - eta medikuak esango dio anbulatoriora bertaratu behar den edo ez. 

Odol ateratzeak bai

Astelehenean, Soraluzeko anbulatorioan lau medikuak, bi erizain eta matrona izango dira. Erizainei dagokienez, besteak beste, odol ateratzeak egingo dituzte, baina bakarrik beharrezkoak diren kasuetan, larrialdi kasuetan: onkologikoak, TAC-ekoak, Sintrom-ekoak… Bestalde, normalean Soraluzen lanean egoten den hirugarren erizainak Elgoibarren segituko du lanean, errefortzu modura.

Matronari dagokionez, berriz, hura ere astelehenean hasiko da lanean, baina aldez aurretik dituen txandak artatuko ditu.