Koronabirusa

Ospitaleratutako guztiak etxean

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 29a, 09:22

Gaur gaurkoz, ez dago Covid-19 gaitzarengatik ospitaleratuta dagoen soraluzetarrik. Horixe da gaur goizeko, eguaztena, albiste pozgarria: krisia hasi zenetik ospitaleratuta segitzen zuten bi lagunek alta-agiria jaso dute. Eta nabarmentzeko moduko beste datu bat: osasun krisiak gogorren jo duen fasean ez da soraluzetarrik hil koronabirusarengatik.

Konfinamendua leuntzeko neurrien berri ematen ari diren honetan, baikortasunerako mezuak ari dira iristen osasun arlotik. Nabarmenena da dagoeneko ez dagoela soraluzetarrik ospitaleratuta koronabirusa izatearren. Izan ere, krisia hasi zenetik ospitaleratuta zeuden azken bi lagunei azken orduotan eman diete senda-agiria, eta etxean daude. 

Osterantzean, herrian Covid-19 gaitza hartuta duten 11 soraluzetar daude kontabilizatuta, joan den asteko kopuru bera, eta guztiak daude etxean berrogeialdia egiten. Eta azpimarragarria den beste datu bat: osasun krisiak gogorren jo duen boladan ez da soraluzetarrik hil koronabirusarengatik.  

Eskualdean bakarra

Antzerako datu onak eskualde mailan ere ematen dira. Azken 24 orduotan lagun bakarra kutsatu da koronabirusaz Debabarrenean. 

Datuok eskuartean, badirudi bide onetik doala osasun krisiari aurre egiteko sistema. Orain, lehen lerrora pasatuko dira konfinamendua leuntzeari aurre egiteko beharra eta horrek ekar ditzakeen ondorioak.