Aldatu egin dituzte abiadura murrizteko bandak

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 28a, 10:25

Errabaleko eta Baltegietako abiadura murrizteko hiru bandak aldatu egin dituzte. Orain altura txikiagokoak eta malda gutxiagokoak ipini dituzte. Herritarren aldetik “zeuden kexuak” kontuan hartuta erabaki du Udalak banda berriak ipintzea. Badenak aldatu arren, Udalak bertan dagoen abiadura muga errespetatzeko eskatu die gidariei.

Atzo, astelehena, aldatu zituzten Errabaleko eta Baltegietako abiadura murrizteko hiru bandak. Oraingoak bost zentimetro altu dira, eta duten malda ez da lehengoena bezain bertikala, samurragoa, baizik. Herritarren partetik “zeuden kexuak kontuan hartuta” erabaki du Udalak badenak aldatzea. 

Badenak aldatu arren, ordea, bertatik zirkulatzeko gehienezko abiadura-muga ez da aldatu. Asko jota 20 km/orduko da baimendutako abiadura, esparru horretan oinezkoek dute-eta lehentasuna, eta ez ibilgailuek. Zentzu horretan, Iker Aldazabal alkateak abiadura-muga hori errespetatzen segitzeko eskatu du: “Guk jendearen eskaerak kontuan hartu ditugun moduan, eurek ere kontuan har ditzatela gureak”.

Kendutako hiru badenei dagokienez, berriz, gorde egin dituzte, haiekin zer egin erabaki bitartean; izan ere, beste nonbait “aprobetxatuko” dituztela dio Udalak.

Gehiegizko abiadura

Urtarrilaren erdialdean ipini zituzten abiadura murrizteko hiru badenak Errabalen eta Baltegietan, ibilgailu askok ez baitzuten errespetatzen 20 km/orduko gehienezko abiadura-muga, nahiz eta abiadura murrizteko bestelako neurri batzuk ipinita egon. Baden berrien bitartez abiadura murriztea lortu egin zen, baina berehala etorri ziren herritarren eta bestelako gidarien kexuak. Orain, badenak aldatu egin dituzte.