‘Elkano’ eta ‘Gartxot’ filmak eguaztenean, ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren barruan

Egoitz Unamuno 2020ko api. 28a, 08:00

Bihar, eguaztena, 'Elkano: lehen mundu bira' eta 'Gartxot' filmak ikusteko aukera izango da Euskal Herriko telebistetan, 16:00etan eta 21:00etan hurrenez hurren. 

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin bat eginez, EiTB-k, TOKIKOM-ek eta Topaguneak adostu dute euskarazko bi filmak emititzea. Akordio horren bidez, bihar, asteazkena, apirilak 29, euskarazko bi film ikusi ahal izango dira Euskal Herri osoko euskarazko toki telebistetan eta ETB3 katean, aldi berean. 'Elkano: lehen mundu bira', arratsaldeko 16:00etan, eta gaueko 21:00etan, berriz, 'Gartxot'.

Tokikomeko webguneetan (Plaentxia.eus-en barne), Elkanoren filma emitituko da, Gartxotena ez, filmaren lizentziak ez baitu horretarako aukerarik ematen. 

Gartxot eta Elkano filmak

Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren agindupean egindako animaziozko filma da. Asisko Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako filma da, Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko Bardoa liburutik abiatutako komikia.

Elkano: lehen mundu bira, berriz, 2019an estreinatutako animazio filma da, Angel Alonsok zuzendua. Jose Antonio Vitoria eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileratan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia.

Emisio bateratuak

Emisio bateratuak ondoko telebistetan ikusi ahal izango dira:

Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan

'Etxealditik Euskaraldira' ekimenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatz, eta “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” eta “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” bat egin dute telebistek.

Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena”, aurreratu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. “TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du”.