Lan osasuna aldarri

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 27a, 15:45
Lan osasunaren kartela.

Bihar, apirilak 28, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna da. Hori aldarri, Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu lelopean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek Salaketa Eguna deitu dute lantokietan. Mobilizazioak iragarri dituzte.

Eskualdeko sindikatu gehienek deituta, bihar, martitzena, “langileen lan osasunaren kontrako praktikak” salatzeko mobilizazioak egingo dituzte eskualdeko hainbat saltokitan, “segurtasun neurri guztiak hartuta”.

Salaketa eta elkartasuna

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek elkarretaratzeak, isiluneak, eserialdiak… deitu dituzte, “distantzia segurua zainduta, eta deialdiaren kartela eskuetan hartuta”. Halaber, deialdi berean elkartasuna erakutsiko diete lantokietan eta etxeetan gaixotu edo hil direnei, halako egoerak salatzeaz batera.

Zaldibar

Gaineratu dutenez, “bereziki” izango dira gogoan otsailaren 6tik Zaldibarko zabortegian desagertuta dauden bi langileak, Alberto eta Joaquin. Hala, 11:15ean elkarretaratzea egingo dute Verter Recycling zabortegiko sarreran, Zaldibarko Eitzaga auzoan.