Beheranzko joerari eusten diote datuek

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 27a, 11:17

Azken 24 orduotan, beste bi koronabirus kasu baino ez dituzte atzeman Debabarrenean, bata Eibarren eta bestea Elgoibarren. Guztira, 268 positibo daude eskualdean. Beraz, datuek beheranzko joerarekin segitzen dute. Soraluzeri dagokionez, joan den asteko kutsatu kopuru bera dago udalerrian: 11 lagun.

Apurka-apurka gutxitzen ari da Covid-19 birusarekin kutsatutako herritarren kopurua. Soraluzen, eutsi egiten zaio joan den asteko datu berberari, eta 11 lagun daude kutsatuta. Eskualdeari dagokionez, berriz, bost kasu berri atzeman zituzten barikuan, hiru zapatuan eta bi positibo berri azken 24 orduotan. Beraz, gaurko datuak faltan, beheranzko joerarekin segitzen du egoerak.

Tolosaldeak gutxien

Egoera lurraldeka eta eskualdeka aztertuta, Donostialdeak ditu kasu gehien: 959; Debagoiena dator ondoren, 370 kasurekin; gero, Goierri, 270 kasurekin; eta haren ondoan dago Debabarrena, 268 kasurekin. Gutxien dituzte, berriz, Bidasoa Beheak, 236 kasu; Urola-kostaldeak, 235 kasu eta azkenik, Tolosaldeak, 228 kasu.

Ia 20.000

Hego Euskal Herriari dagokionez, beste 348 gaixo daude azken orduetan. Hona hemen lurraldeka: Gipuzkoan, 35; Bizkaian, 91; Araban, 44 eta Nafarroan, 178. Hori horrela, 20.000 kutsatutakoen kopurura gerturatzen ari dira kasu positiboak; 19.767 dira gaur gaurkoz metatutakoak –uneren batean positibo eman dutenak–.  Eta gaixotasuna gainditu dutenak, berriz, 11.437 lagun. Azken datu horri dagokionez ere, aipagarria da azken egunotan gehiago direla errekuperatzen direnak, kutsatzen direnak baino: 348 lagun kutsatu dira azken 24 orduotan eta 759 lagun errekuperatu.

Debabarreneko datuak, herriz herri: 

  • Soraluze: 11
  • Eibar: 199
  • Elgoibar 38
  • Mendaro 3
  • Deba: 7
  • Mutriku: 10