Umeak kalean

Bideo azkarra herriko kaleetan zehar

Egoitz Unamuno 2020ko api. 26a, 22:19

Domeka goizean, bizikletarekin herriko kaleetan grabatutako bideoa da ondorengoa, abiadura azkarrean emana. Grabazioa: Fernan Oregi. 

Herriko kaleetan umeak eta helduak ikusteak nolabaiteko normaltasun irudia ekarri du herrira, nahiz eta egoerak eta bizimoduak oso ezohikoa izaten jarraitzen duen. 

Oro har, jendeak ondo erantzun dio erakundeetatik egindako deialdiari, pertsonen arteko distantzia mantenduz. Herrigunean, Ertzainen presentzia nabarmena izan da, ezarritako araudia betearazteko helburuz. 

Bestalde, zenbait herritarrek euren ezinegona adierazi dute, kasuren batzuetan ezarritako arauak behar bezin zorrotz bete ez direla iritzita. 

Neurrien zerrenda

Eguen goizean, Espainiako Gobernuko Osasun Ministroak eta presidenteordeak azaldu zituzten "deseskalatze fasearen" atarian ezarritako neurrien nondik norakoak. Ondorengoak dira ezarri dituzten neurriak:

  1. Egunean behin bakarrik atera ahal izango da.
  2. Ordubetez, 9:00etatik 21:00etara.
  3. Etxetik kilometro batera, gehienez.
  4. Heldu batek lagunduta atera ahal izango dira.
  5. Heldu bakoitzak gehienez hiru haur eraman ahal izango ditu.
  6. Pilota bat, patinetea, bizikleta eta beste jostailu batzuk eraman ahal izango dituzte.
  7. Ariketa fisikoa egitea baimenduta egongo da.
  8. Landa eremuan, landara irten edo basotik paseatzera joan ahal izango dira.
  9. Debekatuta dago parkera joatea edo jostailuak partekatzea.
  10. Interakziorik ezin izango dute izan beraiekin konfinatuta egon ez diren adingabeekin.

Horrez gain, gomendatu dute gutxieneko distantzia mantentzea eta maskara erabiltzea ; eta ohartarazi, irteera bakoitzaren aurretik eta ondoren eskuak garbitu behar direla. 

Maiatzaren 2tik aurrera, kirola eta ibilaldiak

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri du datorren larunbatetik aurrera deskonfinamenduak aurrera egingo duela, baldin eta koronabirusak eragindako egoerak onera egiten jarraitzen badu.

Kasu positiboak murrizten jarraitzeko joera mantentzen bada, maiatzaren 2tik aurrera kirola edo ibilaldiak egitea baimenduko du Espainiako Gobernuak. Nolanahi ere, bakarrik, edo dagoeneko elkarrekin bizi diren pertsonekin egin beharko da.

"Bakarkako jarduera fisikoa egitea eta bizikide ditugun pertsonekin paseoak ematea baimenduko da", adierazi zuen Sanchezek larunbatean. Martitzenean zehaztuko dituzte neurri horren xehetasunak, eta konfinamendutik "deseskalatze fasera" igarotzeko plana.