Koronabirusa

“Oso egoera larriak ari gara ikusten Caritasen”

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 24a, 08:16

Aitziber Etxaniz Caritaseko gizarte-langilea etxetik lanean.

Koronabirusaren krisia hasi zenetik, ia bikoiztu egin da Caritasek Soraluzen ematen duen laguntza kopurua. Caritasek laguntasuna eskuratzeko bide publikoak edo ofizialik erabili ezin duten familiak artatzen ditu. Dirulaguntzak ematen dizkie, oinarrizko beharrak ase ditzaten: elikagaiak eta botikak. Debabarrenean, oro har, %42 handitu da laguntza kopurua. Soraluzen, %48.

Caritasek helarazitako portzentajearen arabera, martxoarekin alderatuta, %48 handitu da elkarte horrek Soraluzen ematen duen laguntza kopurua. Gainera, tamalez, kopuruak igotzen segituko duelakoan daude Caritasen.

Bertakoak zein kanpokoak

Oso egoera larria bizi dutenek jotzen dute Caritasengana, laguntza behar arren, laguntasuna eskuratzeko bestelako biderik ez dutenek, alegia. Gehienak dira 25-45 urte bitartekoak, bertakoak zein kanpotik etorritakoak, eta orain arteko lanpostuekin arazoren bat izan dutenak. Eskatzaileen %40 gizonak dira, eta %60, berriz, emakumezkoak, azken horiek, batik bat, zaintzaren alorrean lan egiten zutenak. 

"Igoera oso handia da"

Debabarrenean Aitziber Etxaniz gizarte-langilea arduratzen da arreta eskaintzeaz, Soraluzen, Eibarren, Elgoibarren, Mendaron Mutrikun eta Deban. Etxanizek azpimarratu du, oro har, “oso egoera larriak” ikusten ari direla, eta “ezustean” harrapatu dituela eskaeren igoerak: “Egoerak guztiok harrapatu gaitu apur bat ezustean. Egun batetik bestera etorri zaigu. Aurreikusten genuen irregular zeuden familia asko guregana etorriko zirela, zeren eta horiek ez dute eskubiderik laguntasun publikorik jasotzeko; baina bailaran eman den %40ko igoera oso handia da”. 

"Beltzean" lan egiten dutenak, paperik gabekoak…

Kasuistikaz galdetuta, ondorengo adibideak eman ditu Caritaseko arduradunak: “ERTEan daudenek maiatzera arte ez dute kobratuko eta askok ordura arte ez dute izango bestelako diru-sarrerarik; beste asko langabezian geratu dira, baina langabezia-saria kobratu ezinean; egoera irregularrean daudenek ez dute laguntzak eskatzeko eskubiderik; beste hainbatek etxearen alokairua ez dute kontratuz jasota, eta horiek ere ezin dute laguntzarik eskatu eta beste asko “beltzean” lanean zebiltzan eta orain lan barik gelditu dira”.

Horiei guztiei oinarrizko beharrak asetzeko dirulaguntzak ematen dizkie Caritasek: “Eskatzaileak Caritaseko herriko boluntarioek baloratzen dituzte, eta horren arabera eta tokian tokiko Gizarte Zerbitzuekin eta Gurutze Gorriarekin koordinatuta -laguntzak ez bikoizteko- ematen dizkiegu dirulaguntzak, elikagaiak eta botikak erosi ahal izateko”.

Laguntzak transferentzia bidez helarazten dizkiete, alarma egoerak horretara behartuta: “Konfiantzaz jokatzen dugu. Eskatu dizkiegu tiketak-eta gordetzea. Eta normaltasunera bueltatzean tiketak eta justifikazioak entregatu egin behar dituzte”, esplikatu du eskualdeko gizarte-langileak.