Zalantza ugari daude umeen deskonfinamenduarekin lotuta

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 23a, 09:43

Gaur, eguena, oraindik zalantza ugari daude 14 urtetik beherako umeak kalera irteteko erabakiarekin lotuta. Esaterako, oraindik ez dago argi haurrak domekan bertan irten ahalko diren kalera edo astelehenera arte itxaron beharko duten; ezta ere, etxe bereko zenbat haur atera ahalko diren kalera elkarrekin. Zehaztuta dagoena da ordubetez irten ahalko direla, heldu batek lagunduta, eta asko jota, etxetik kilometro batera.

Umeak kalera irteten hasteko neurriarekin lotuta, azken bi egunotan izandako informazio-saltsaren ondoren, oraindik orain, ez dago batere argi zeintzuk diren Espainiako Gobernuak hartu duen erabakiaren xehetasunak.

Zehaztutakoa

Oraingoz, zehaztuta dagoen erabaki bakarra da 14 urtetik beherako haurrek izango dutela kalera irteteko eskubidea, egunean ordubetez, 08:00-22:00ak bitartean, eta heldu batek lagunduta. Asko jota etxetik kilometro batera joan ahalko dira, paseoa ematera, korrika egitera, edo bestelako ariketa fisikoren bat egitera. Hortik aurrera, ez dago informazio zehatzik.  

Noiz eta zenbat?

Komunikabide batzuk diotenez -El Paisek, esaterako- domekan bertan irten ahalko dira haurrak kalera; bestelako informazio agentziek - EFEk, esaterako-, berriz, diote astelehenean izango dela hori. 

Horrez aparte, ez dute argitu, ezta ere, heldu bakoitzarekin zenbat haur irten ahalko diren. Batzuk diote, gehienez jota, etxe berean bizi diren hiru haur irten ahalko direla batera; beste batzuk, berriz, etxe bereko haur guztiak irten ahalko direla. 

Buletinean argitaratu behar

Argi dagoena da erabakitzen dena erabakitzen dela ere, neurriak errespetatzearen jarraipena poliziak egin beharko duela. Bada, gaiari buruz Udaltzaingoan galdetuta, esan dute oraindik ez dutela informazio zehatzik eskuratu, eurak ere zain daudela. Hori bai, neurri berria domekan sartuko balitz indarrean, Ertzaintza arduratuko da Soraluzeko egoera kontrolatzeaz. “Edozelan ere, buletin ofizialean argitaratu arte, ez da egongo ezer ofizialik, eta oraindik ez dute ezer argitaratu”, esan du Gotzon Odriozola udaltzainburuak.