"Egoera katastrofikoa da kulturgintzarentzat"

Egoitz Unamuno 2020ko api. 21a, 11:17
Ubane Uzin.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak eta Errabal Kultur Elkarteak musika arloko promotore eta kontratazio lanak egiten dituzte. Ubane Uzin arduradunaren esanetan, "egoera katastrofikoa da kulturgintzarentzat".  

Ubanek kontatu digunez, lehen prebentzio neurriak aktibatu orduko hasi ziren ondorioak jasaten. “Kulturgintzako aktibitatea lehenengo momentutik moztu zen ehuneko ehunean. Hasieran, esan ziguten ekitaldiak beste data batzuetan berkokatuko zituztela baina ez da horrelakorik gertatu, besteak beste, aurreragorako datak ere hartuta zeudelako. Gainera, kontuan hartu behar da kulturgintzan udaberrian eta udan fakturatzen dela urte guztiko jardunaren %70a baino gehiago. Dena den, okerrena da kultur arloan ‘berkokatzea’-z bakarrik berba egin dela berba eta ez sektorea bizirik mantentzeko laguntzez beste arlo batzuetan bezala.”

Txinara begira

Konfinamendua amaitzen denean ere ekimenak antolatzeko aukera oso mugatuta egongo dela aurreikusten du Ubanek: “Kulturgintzaren handikap nagusia da, ez dakigula noiz bueltatu ahalko garen lanera. Konfinamendua amaitu ostean ere, ez dakigu noiz eta nola antolatu ahalko diren emanaldiak. BBK Live eta Jazzaldia moduko jaialdi handiak ez dira egingo, edo desberdin egingo dira, kanpotik ez delako jenderik etorriko. Eta dena kate bat da. Zer gertatuko da herrietako jaiekin eta jaialdiekin? Momentu honetan gure sektorea Txinara begira dago eta han kultur-aktibitatea oso poliki ari dira berreskuratzen”.

Lozorroaldirako prestatzen

Momentu honetan ez du beste irtenbiderik ikusten “lozorroaldian” sartzea baino. “Gu musika jaialdi batekin harrapatu gaitu, hamar bidaia ordainduta eta hotelak erreserbatuta. Zorionez, hotelek erreserba bertan behera lagatzeko aukera eman digute baina bidaien dirua galdu dugu. Baina gure kasuan egoera ez da hain txarra, enpresa txikia gara, familiarra, eta zailtasunak zailtasun egokituko gara, ostera, sektorearentzat egoera katastrofikoa da. Hilabeteetako parentesi bat hasi da eta parentesi hori lozorroan igarotzeko gai direnek bakarrik iraungo dute. Gainerakoak desagertu egingo dira”.

Oharra: Elkarrizketa hau apirilaren 1ean egin genuen Pil-pilean aldizkarirako eta gaur publikatu dugu kulturgileen deitutako lehen greba eguna dela eta.