Kutsatu kopuruak gora egiten segitzen du

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 21a, 10:24

Gaur, martitzena, osasun zerbitzuetatik helarazitako datuen arabera, 11 soraluzetarrek dute Covid-19 gaitza hartuta. Horien artetik, bi lagun daude ospitaleratuta; gainerakoak norbere etxean daude. Bi gaixo, berriz, asintomatikoak dira, horietako bat Mesedeetako egoitzako egoiliar bat. Edozelan ere eta azken horri dagokionez, bigarren proba egin diote, eta haren emaitzaren arabera, infekzioa pasatuta eta gaindituta dauka.

Azken orduotan, kezka eragin du Mesedeetako egoitzan egoiliar batek Covid-19aren proban positibo eman duela jakiteak, nahiz eta asintomatikoa izan. Atzo gaueko emaitzek, baina, lasaitasunerako mezua ekarri dute. Izan ere, haien arabera, egoiliar horrek infekzioa pasatuta eta gaindituta dauka. Bestela esanda, dagoeneko pertsona horrek ez du ez bere buruarekiko arriskurik, ez eta inguruko egoiliarrekiko eta langileekiko arriskurik ere. 

Adinduak eta gazteak

Osterantzean, herriari dagokionez, azken datuek diote 11 soraluzetar daudela Covid-19 gaitzaz kutsatuta. Horietatik bi asintomatikoak dira, beste bi ospitaleratuta daude, eta, beraz, 9 lagun etxean daude berrogeialdia egiten. Gaitza hartuta duten soraluzetarren artean denetik dago, adinduak bai, baina baita gazteak ere. 

Proba gehiago

Euskal Autonomia Erkidegoko azken datuen arabera, behera egin du kutsatu kopuruak. Ikusten denez, berriz, ez da horrela izaten ari Soraluzen. Horren arrazoiarengatik galdetuta, Lourdes Letona medikuak esplikatu du orain proba gehiago egiten ari direla, eta horrez aparte, bere ustez martxoan herritar ugarik pasatu dute koronabirusa jakin barik, edo katarro sinple bat bailitzan.