Maskarak eta gel higienizatzaileak iritsi dira

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 20a, 15:09

Ana Oruesagasti farmazian.

Gaur, astelehena, Soraluzera ere iritsi dira maskarak eta gel desinfektatzaileak. Ez, ordea, eskularruak. Halako batzuk oraindik badituzte, baina, Kalebarrengo farmazian. Bestalde, maskaren prezioak bikoiztu edo boskoiztu egin dira, maskaren ezaugarrien arabera. Espainiako Gobernuak iragarri du bihar finkatuko dituela prezioak.

Ibañez Antolin farmazian zein Oruesagasti farmazian, bietan ala bietan eros daitezke maskarak zein gel higienizatzaileak.

Maskarei dagokienez, bi motakoak iritsi zaizkie farmazialariei: 2.mailakoak eta kirurgikoak. 

Ibañez Antolin farmazian kontatu dutenez, dagoeneko ez dute itxaron zerrendarik, eta behar duen edozeinek eros ditzake maskarak, hori bai, abusurik egon ez dadin, “familiako kide kopuruaren arabera” ari dira saltzen.

Oruesagasti farmazian ere tentuz ari dira maskarak saltzen, batik bat, herritarren beharrak eta arriskuak kontuan hartuta.

Prezioak garestituta

Bestalde, maskaren prezioan gorabehera handiak daude.  2. mailako maskaren kasuan, ia bikoiztu egin dira haien ohiko prezioak: ohiko 4,24 eurotik, 6,40-7,50-8,25era eurora igo da halakoen prezioa.

Maskara kirurgikoen kasuan, berriz, gehiago garestitu dira: berezkoa duten 0,30 euroko preziotik 1,60-1,75-1,90 eurora igo dira. “Kontuan hartu behar da oraindik ez dutela prezio finkorik ezarri maskarendako -datozen egunotan ezartzea da asmoa- baita ere, nondik ari diren ekartzen, eta zenbat bitartekari dauden erdian”, azpimarratu dute Ibañez Antolin farmaziatik. 

Ana Oruesagasti farmazialariak, berriz, kontatu du berarendako irabazi marjin barik ari dela maskarak saltzen.

Eskularruak eta gelak

Bestalde, eskularruak noiz iritsiko zain ere badaude Soraluzeko bi farmazietan. Kalebarrengoan badituzte oraindik gutxi batzuk: binilozkoak, nitrilozkoak eta latexkoak ere bai. Errekaldekoan, berriz, agortuta dituzte.

Gel higienizatzaileei dagokienez, bi farmaziak daude ondo hornituta. Alkohola, berriz, faltan dute. 98 gradukoa. Bestela, erromerozko alkohola, zein 96 gradukoa badute zertxobait Kalebarrengo farmazian.