Eusko Jaurlaritzako atzoko datuen arabera -gaurkoak bihar eguneratuko dituzte-, Soraluzen Covid-19 gaitza duten bi lagun gehiago daude gaur. Bata ospitalean dago, bestea, berriz, etxean, berrogeialdia egiten. Aldi berean, badira beste hainbat soraluzetar bakartuta, azken bi lagun horiekin kontaktua izan dutelako.
Gauzak horrela, gora egin du gaitza hartuta duten herritarren kopuruak. Aldiz, Debabarrena mailan, 3 positibo gehiago besterik ez dira atzeman azken orduotan, eta guztira, 195 positibo daude. Gehienak, Eibarren, 138 positibo, eta gutxien Mendaron, han lagun bakarra dago Covid-19 gaitza duena. Gipuzkoan, Debabarrena da kutsatu maila txikienetakoa duen bigarren bailara. Bidasoa Behera bakarrik du kutsatutako pertsona kopuru txikiagoa: 189. Gipuzkoako, Debabarreneko eta herriko datuak egunero kontsulta daitezke Plaentxia.eus-eko Azken datuak atalean.
Egoitzan, negatibo
Soraluzera bueltatuz, albiste benetan ona da Mesedeetako egoitzan koronbirusaz libre segitzen dutela. Jaso berri dute egoiliar bati egindako azken probaren emaitza eta negatibo eman du. Ez da gutxi egoera on horri eustea, are gehiago kontuan hartuta, oro har, EAEko egoitzetako egoera kezkagarria dela.
Egoitzako zuzendari Elena Beristainek jakinarazitakoaren arabera, egoitzako zuzendaritzak bertako langileei zein egoiliar guztiei probak egitea eskatu zion Diputazioari, eta Diputazioak onartu egin dio eskaera. Proba azkarrak zein PCR probak, biak ala biak egingo dizkiete guztiei. Hartara, datozen egunotan jakingo da zein den egoitzako egoera erreala, ze baliteke hainbatek Covid-19a izatea, sintomarik agertu barik.