Loreak, eraitsi zuten errepublikaren egunean

Egoitz Unamuno 2020ko api. 14a, 19:33
Loreak gaur 'Isiltasuna Hausten' izeneko monolitoan.

Gaur, apirilak 14, 89 urte bete dira Espainian II. Errepublika aldarrikatu zutela eta urteurren hori gogoratzeko, loreak ezarri dituzte 1936ko gerra sufritu zutenen oroimenezko monolitoan. Bestalde, zenbait herritarrek balkoian jarri dute bandera gorri eta morea.   

Jakina den bezala, Espainiako Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zen eta erregimen politiko horrek 1939ra arte iraun zuen, Francisco Francok gidatuta, militarrek 1936an abiatu zuten altxamendu faxistak eraitsi zuen arte. Gerora, Espainiako Bigarren Errepublika eta bere bandera, askatasunaren sinbolo bihurtu dira espainiar eta euskal herritar askorentzat.    

Argentinako Kereilaren 10. urteurrena

Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak Argentinako Kereilaren 10. urteurrena ekarri gura izan du gogora gaurko egunez; hau da, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka eragindako krimen guztiak ikertzeko Buenos Airesko Epaitegi Federal batean ireki zuten auzia.

Agirian adierazi dutenez, "10 urte hauek pasa ondoren goraipatzea nahi dugu Argentinako Kereilak izan duen ibilbidea eta berari esker izan diren lorpenak, baina ezin dugu ahaztu biktimek eta hainbat erakundek Argentinaraino joan behar izan dutela espainiar Estatuak inpunitatearen politika lotsagarria mantentzen duelako, sistema demokratiko batetan inongo tokirik ez duena". Era berean, inpunitatearen aurkako borrokan 40 urte bete direla azaldu dute, eta horrekin batera Estatuaren "oztopoen" gainetik kereilarekin aurrera jarraitzeko "konpromisoa" ere agertu dute.