Salaketarik ez Udaltzaingoan

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 14a, 16:38
Ander Hormaetxea, Gotzon Odriozola eta Eulogio Mancebo udaltzainak patrulla aurrean.

Udaltzaingoak jakinarazi du azken hilabetean ez dutela inolako salaketarik jaso bulegoan. Adibidez, urtarrilean eta otsailean, herriko hiru etxebizitzatan sartu ziren lapurrak. Aldiz, azken hilabetean ez da salaketa bat bera ere jaso. Eta gauza bera gertatu da bandalismo kasuekin.

Urte hasieran, kezka handia zabaldu zen herrian hiru lapurreta gertatu zirelako beste horrenbeste etxebizitzetan, bizilagunak barruan zeudela, gainera. Aldiz, azken hilabetean ez da lapurretekin lotutako salaketa bat bera ere jaso. Eta gauza bera gertatu da bandalismo kasuekin. Esaterako, urte hasieran bizpahiru apurketa egin zituzten herrian, azkena, eguneko zentroko pertsianetan. Bada, alarma egoera ezarri zenetik, ez da bat bera ere gertatu. 

50etik gora zorion-agur

Hori bai, alarma egoera dela eta ez dela, horren harira bai jarri dituzte salaketak, berau ez errespetatzeagatik. Hain justu, Soraluzeko Udaltzaingoak halako bost jarri ditu, eta Ertzaintzak, berriz, 13. 

Udaltzaingoarekin segituz, esan buru-belarri ari direla herritar gazteei zorion-agurrak helarazten, patruilako bozgorailuak baliatuta. Halaxe dihardute alarma egoera ezarri zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengoetarikoak, edo akaso, hori egiten lehenak izan ziren, eta ordutik hona 50 gaztetxotik gora zoriondu dituzte. Pasa berri ditugun jai-egunotan ere lanean izan dira, eta zorion agurrak helarazten ere bai; aste honetan, esaterako, zortzi lagunen etxepera joango dira zorion kantua eskaintzera.

Kexu bat

Zentzu horretan, herritar batek kexua helarazi du, eskatuz, sikiera zorion-agurrak eta musika helarazterakoan, errespeta dezatela eskola-lan ordutegia, asko telelanean ari direla jakinda. "Oso zaila da plataforma birtual baten bidez eskolak entzun eta azalpenak eman ahal izatea; gainera, ikasleen artean sortzen den katxondeoa demasa da. Ekimena ondo dago, ez dut kentzerik nahi, baina bai errespeta dezatela lanerako gutxieneko ordutegia".

Udaltzaingoan galdetuta, berriz, esplikatu dute ahal duten ordutegian eskaintzen dutela zerbitzu hori, ezin dutela noiz egin aukeratu.