Gehienak lanean

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 14a, 11:21

Ohiko jardunarekin izan ez arren, gaur, martitzena, Mendiola Industrialdeko lantegi gehienak lanera bueltatu dira. Batzuk produkzioari eustea lortu dute, beste batzuk, aldiz, murrizketekin dihardute lanean, aldi baterako erregulazio espedientea aplikatuta edo txandak murriztuta. 

Soraluzen, lantegi gehienak lanean hasi dira gaur, bakoitza ezaugarri berezituekin, hori bai.

Adibidez, gutxi ari dira ohiko jardunarekin. Iterga da horietako bat, ULMArekin duten hitzarmen bati esker lortu diote lanari eustea. Gainera, prebentzio neurriak betetzen ari dira, maskarak eta eskularruak soinean.

Antzerako egoeran daude Urrestarazu Metalworking enpresako langileak ere. Han ere, normal hasi dira beharrean, prebentzio neurriekin. Kasu honetan, Adegik, Gipuzkoako enpresarien elkarteak helarazi dizkiete lanerako maskarak; eta besteak beste, bulegoko langileak elkarrengandik ahalik eta urrutiren ari dira lanean.

Murrizketak

Bestelako enpresa batzuetan, berriz, murrizketak aplikatuta dihardute lanean, batik bat, bezero edo hornitzaile falta baitute, eta prebentzio neurriak zaindu nahi baitituzte. Esaterako, Ferren hiru langile besterik ez daude lanean, ERTEA edo aldi baterako enplegu erregulazio espedientea eskatu dute-eta.

GOLen, berriz, biltegiko eta produkzioko langileak lanera bueltatu dira, beraz, ehun lagun inguru hasi dira gaurtik lanean. Hori bai, etxetik lan egin ahal duten langileak telelana egiten ari dira. Eta prebentzio neurriei dagokienez, kontatu dutenez, euren kabuz lortu behar izan dituzte maskarak.

Eta besteak beste, Estampaciones Laga enpresan, txanda bakarreko langileek jardungo dute lanean. Eta  ARASen bihar hasiko dira lanean, gaur dute-eta Aste Santuko azkeneko jai-eguna. Arasen, hori bai, normal hasiko dira.