Koronabirusa

Covid-19az gaixotutako soraluzetar batek alta jaso du

Azken datuen arabera, Soraluzen, bost lagun daude ospitaleratuta Covid-19 gaitzak kutsatuta. Izan ere, eguenean seigarren soraluzetar bat ospitaleratu zuten arren, azken orduotan, lehenagotik ospitaleratuta zegoen herritar bati alta eman diote. Horrez aparte, azken egunotan, kutsatuen kopuru orokorrak, gorabeherekin, baina mantentzera egin du Debabarrenean: 15 lagunetik behera kutsatzen ari da azken egunotan.

Azken orduotan, alta eman diote Covid-19az kutsatuta, ospitaleratuta zegoen soraluzetar bati. Benetan albiste garrantzitsua da, are gehiago kontuan hartuta pertsona nagusia dela alta jaso duena. 

Horrez aparte, orain bi astetik Covid-19arengatik ospitaleratuta dagoen beste adindu batek negatibo eman du egin dioten azken probetan.

Bestalde, eguenetik hona, herrian ez dute beste kutsaturik atzeman.

Eskualdeari dagokionez, egunero 15 lagunetik behera kutsatzen ari da egunotan: eguenean, 10 lagun kutsatu ziren Debabarrenean; 8 izan ziren, berriz, barikuan, 12 zapatuan; herenegun, domeka hiru; eta atzo, astelehena, 11 lagun.

Askoren kezka da gaurko lanerako bueltak zenbateraino baldintza dezakeen datuen joera positiboa. Eguaztenetik aurrera ikusiko da hori. Plaentxia.eus atarian Azken Datuak botoian sakatuta, egunero ikus daitezke datuak eguneratuta, 14:00etatik aurrera.