Azokak berriz zabaltzeko eskatu dute baserritarrek

Egoitz Unamuno 2020ko api. 10a, 18:33

Eusko Jaurlaritzak herenegun agindu zuen elikagaien azokak ixtea. Horri erantzunez, azokak baimentzearen eta bultzatzearen aldeko adierazpen bat atera dute 60 eragile inguruk. Soraluzeko hainbat baserritarrek ere bat egin dute adierazpenarekin eta dei egin diete soraluzetarrei azokak zabalik mantentzeko eskariarekin bat egin dezaten. 

Soraluzeko Artia, Arizaga, Egotza, Itsasoi, Azalia eta Azaliatxoko baserritarrek bat egin dute adierazpenarekin, eta soraluzetarrei eskatu diete eskaria babes dezaten. "Soraluzen badira baserritarrak azokan saltzen dutenak eta baita etxeetara edo kalean saltzen dutenak ere. Babes neurriak hartzea ondo dago baina baserritarrei beste saltoki batzuei jartzen ez dizkieten baldintzak ezartzea ez. Eskatzen duguna da gure produktuak saltzeko aukera izatea, azokan edota kontsumo taldeetan, zentzuzko babes neurriak hartuta". 

Sinadura bilketa eta adierazpena

Gipuzkoako EHNEk norbanakoen sinadura bilketa abiatu du Change.org webgunean Jaurlaritzari azokak zabalik manten ditzan eskatzeko. Aurretik, Euskal Herriko hainbat eragilek adierazpena kaleratu dute, azokak berriz zabaltzeko eskatuz. Lehen sektoreko ekoizleak, kontsumitzaile elkarteak eta ingurumen taldeak daude sinatzaileen artean, alderdi politikoekin eta sindikatuekin batera. 60tik gora dira oraingoz adierazpenarekin bat egin dutenak. Hartu beharreko babes neurriekin azokak irekitzeko eskatu dute eragileek, eta horrez gain, dei egin diete erakundeei zuzeneko salmenta laguntzeko. Era berean, herritarrei eskatu diete herriko denden bitarteko erosketak lehenesteko.