10. eguna. Etxabe harategiaren ilaran: etorkizunerako inbertitzen

Sorapedia 2020ko api. 11a, 09:25

Etxabe harategiko ilaran bagaude, kanpoko aldean, ez du ematen ezer interesekorik ikus daitekenik: Kotxebidea, Etxaburuerako azken etxea, Erregetxeko orubea…

Aparkaleku honetan Erregetxea egon zen. Bigarren Erregetxea, hain zuzen.

Egundoko eraikina zen, inguruan ekoizten ziren armak (arkabuzak, mosketeak, fusilak, terzerolak, pistolak…) biltzeko. Bertan egiten ziren kalitate azterketak, bertatik bidaltzen ziren beren jomugetara… 

Bigarren Erregetxea izan zen; XVIII mende bukaeran Errabalen zegoen Erregetxe zaharra egoera txarrean zegoen, eta Eibarkoek zein Bilbokoek beren herrira eramatea nahi zuten. Soraluzeko herriak egundoko indar ekonomikoa egin zuen dirua biltzeko eta Erregetxe berria bertan egiteko.

Eta, zergatik Erregetxea Soraluzen? Armak inguru guztian egiten ziren: Soraluze, Eibar, Elgoibar, Bergara, Elorrio… baina Soraluze bidegurutze garrantzitsuan zegoen: Deba eta itsasoa, Gasteiz eta Gaztela, Donostia eta Frantzia, Durango eta Bilbao.

Erregetxea, udal eraikin handiena, 1970ko hamarkadan bota zuten.

Ondo begiratu beharrekoa

Sasoi batean, Itxaropena azpiko aldean perratokia zegoen, eta garraiorako mandoak gordetzen ziren. XIX mendetik aurrera, plazara jaitsitako baserritarrek beren astoak bertan lagatzen zuten: asto tokia zen.
Nahiz eta Erregetxea botata egon, oraindik aztarnak gordetzen dira. Plaza Zaharrerako eskilarak eta barandila gehienak jatorrizkoak dira. Barrenean, atzeko paretaren kontra, oraindik ate baten aztarnak ikus daitezke. Etxaburueta errakastoaren karkaba oraindik kale azpian dago, Goikokaletatik sartzen dela.

Eta azkenik, goiko autobus geltokiaren aurrean, Erregetxeko eguzki-erlojua dago. Erakusteko toki eta modu txukunagoa mereziko luke, Erregetxeak Soraluzerentzat izan duen garrantziarengatik.