8. eguna. Vidal fruitadendako ilaran: herri-lanak eta herri lanak

Sorapedia 2020ko api. 9a, 09:24

Vidal fruitadendan ilarak aukera asko ematen ditu. Plaza Barrira begiratuz, ederki ikusten da etxe zaharrek zabalera bera zutela (6 kana = 5 metro). 

Kalebarrenen alde batean Plaza Barria dago, berau egiteko hiru etxe bota zutela; eta beste aldean, nahiz eta bi etxe besterik ez egon, Loiola etxeak (kooperatiba) zabalera arrunta du,eta Enparan etxeak (Abadetxea) bikoitza, berau egiteko bi etxe bota zuten eta.

Ilaratik Erregetxe aldera, berriz, Urrestarazu etxea bizpahiru metro aurrerago dagoela ikusiko dugu, txoko hori Vidalek fruita erakusteko erabiltzen duela. Handik gutxira bitan banatzen da kalea: Etxaburueta aurrera eta Goikokaleta Plaza Zaharrera.

Bestekaldean Frontoirako aldapa eta Eliz-ataria ikusiko ditugu. Frontoiko aldapa 1960 urtean zabaldu zuten, eskola nazionalak egin zituztenean. Gaur eguneko eliz ataria, berriz, askoz zaharragoa da, 1666 urtekoa. Tokia oso aldapatsua denez, eliz ataria hainbat mailatan antolatuta dago.

Ondo begiratu beharrekoa

Plaza Barria dagoen tokian hiru etxe zeuden, eta Soraluze sortu zenean etxe hauen eta Udaletxearen artean Azkoitiako atea zegoen.

Erregetxea egin baino lehen kale bakarra zegoen bertan, baina gurdien joan etorriak errazteko hainbat lan egin zituzten, inguru hori zeharo itxuraldatu zutela. Alde batetik,Etxaburueta errekastoa estali zuten, Erregetxe aurrean plaza bat antolatuz; azpian karkaba geratu zen, eta Goikokaletan ikus daiteke bertako sarrera. Plaza Zaharreko bidea ere gorde zuten, eta kalea bikoiztubehar izan zuten: Etxaburueta eta Goikokaleta.

Azkenik, Etxaburueta estuegia zela eta, bertako etxe guztiak “atzera” bota zuten bizpahiru metro, kale berriari lekua egiteko. Bota ez zuten etxe bakarra Urrestarazunekoa zen.

Bestekaldean, gaur eguneko eliz-ataria egin baino lehen Soraluzeko herriko plaza bakarra eliza eta udaletxe artean zegoen. Aldapan, hori bai, baina Soraluzen ez da harritzekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.