0 KM KOMERTZIOAK

Aurtengo lehen gaztak salgai, zapatutik

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 7a, 12:27
Nagore Martin gazta egiten. Argazkia: Egotza baserria.

Zapatuan, Egotza baserriko aurtengo lehen gaztak saltzen hasiko dira. Merkatu-plazan ipiniko dute saltokia, gainerako baserritarrekin batera. Hala ere, bertara jaitsi ezin duten herritarrei begira, etxez etxeko zerbitzua eskainiko dute, telefonoz edo whatsapez deituta: 615 76 30 62.

Legeak dioen moduan, bi hilabetez lehortzen egon ondoren, zapatutik salgai izango dira Egotzako ahuntz-esnearekin egindako aurtengo gazta berriak.

Merkatu-plazan ipiniko dute saltokia, eta bertan izango da erosteko aukera. Gainera, ilaran itxaroten ahalik eta denbora gutxien egon nahi izanez gero, aldez aurretik egin daiteke eskaera telefonoz; hartara, bezeroak zapaturako gertu izango du erosketa, joan eta hartu besterik ez du izango.

Enkarguak

Horrez aparte, kalera jaitsi ezinean dauden herritarrei gazta etxera eramateko zerbitzua eskainiko diete Egotzakoek. Enkarguak egiteko, telefonoz deitu edo whatsappa bidal daiteke, honako telefono zenbakietako batera: 615 76 30 62 / 659 55 41 39. 

Inguruko herrietan

Bestalde, Egotzako gaztak bertako eta inguruko beste hainbat saltokitan ere eskura daitezke: Soraluzen, Kooperatiban, Etxabe harategian eta Criado fruta-dendan; Eibarren Mujika eta Artamendi harategietan eta Itxesi belar-denda; Elgoibarren Patxiren harategian eta Arrasaten eta Bergaran Ereindajan kooperatiban. 

Nagore Martinek bizpahiru egunetik behin egiten du gazta, urrira arte. Kontatu duenez, lan eta lan dihardute Egotzan, baina azokak-eta kendu egin dizkiete, eta hori hilabete barru igarriko dutela uste du.