Bosgarren positiboa Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 7a, 11:02
Anbulatorioa itxita.

Atzo, astelehena, Covid-19aren proba egin zioten gaitzaren sintomak zituen beste soraluzetar bati, eta gaur jakin dute emaitza positiboa izan dela. Beraz, bost dira koronabirusaz kutsatuta dauden herrikideak. Bestalde, Debabarrenean diharduten hainbat medikuk ere positibo eman dute. Soraluzeko Mesedeetako egoitzan, berriz, positibo barik segitzen dute, baita Elgoibarko egoitzan ere.

Covid-19 gaitzaren hedapen-datuek beherantz segitzen duten arren, Soraluzen bosgarren kasu positiboa atzeman berri da. Osasun arloko langilea da bera, gizarte-langilea zehazki, inguruko egoitza batean lanean diharduena (Soraluzekoan ez). Atzo egin zioten proba eta gaur ailegatu da haren emaitza: positibo. 

Lankideei probarik ez

Hori bai, positibo eman arren, oraingoz, gaixoa etxean dago; hau da, ez du ospitaleratu beharrik izan, beraz, dituen sintomak arinak dira.

Bestalde, azken egunotan, eskualdeko beste hainbat osasun langilek ere, hainbat medikuk kasu honetan, positibo eman dute Covid-19aren proban. Haien lankideei dagokienez, berriz, ez diete probarik egin. 

Osterantzean, albiste hobeak dituzte Soraluzeko zein Elgoibarko egoitzetan, izan ere, bi egoitzetan segitzen dute koronabirusaz garbi.