Lauzpabost maskara bakarrik iritsi dira farmaziara

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 7a, 10:24

Ibañez Antolin farmazia, gaur, martitzena.

Atzo, astelehena, Euskal Autonomia Erkidegoko farmazietara maskarak banatuko zituztela iragarri bazuten ere, Soraluzeko farmaziei dagokienez, bakarrik halako lauzpabost jaso ditu Ibañez Antolin farmazialariak, eta bat bera ere ez Oruesagasti farmazialariak. Horrez aparte, biek ala biek eskularru barik segitzen dute.

Martxoaren 14an dekretatu zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera lehen aldiz. Harrezkero, beste bi luzapen ezarri ditu, herritarren konfinamendua oinarri izanda. Bada, alarma egoeraren laugarren astea dugun honetan, oraindik orain, Soraluzen ez dago maskararik.

Atzo, astelehena, Ibañez Antolin farmazian bakarrik lauzpabost jaso zituen: “Saltzekorik ez daukat, bakarrik lauzpabost ailegatu dira, eta maskarak erosi nahi dutenen itxaron zerrenda luzea dago”, esplikatu du Blanca Ibañez farmazialariak. Ibañez farmazialariak berak teladun maskara batekin dihardu lanean. 

Kalebarrengo Oruesagasti farmaziara, berriz, ez da iritsi maskara bat bera ere. Ana Oruesagasti farmazialariak espero du datozen egunotan iritsiko direla, baina han ere itxaron zerrenda luzea dute.

Bestalde, ez farmazia batean, eta ezta bestean ere, ez dute eskularrurik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.