Aberri Eguna balkoietan eta "batera" ospatzeko deia egin dute

Egoitz Unamuno 2020ko api. 6a, 17:22

12:30ean balkoietara ateratzeko deia egin dute Euskal Herriko 27 pertsona ezagunek (tartean da Cris Jacas soraluzetarra). Ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietara ateratzera animatu dituzte herritarrak. Lehenik, minutu bateko isilunea gordeko dute hildakoen omenez, eta gero, Txoriak txori abestuko dute.

Apirilaren 12an Aberri Eguna izango da, eta beste hainbat ekitaldiri bezala, konfinamenduak egun horri ere eragingo dio. Hori dela eta, Euskal Herriko 27 pertsona ezagunek, tartean Cristina Jacas Mateu soraluzetarrak (suhiltzaile gisa), Euskal Herria Batera izenpean, dei egin diete  herritarrei Aberri Eguna balkoietan ospa dezaten, ikurrinak eta Nafarroako banderak eskegita. Ondoren,  elkarrekin abesti bat kantatzea ere proposatu dute.

12:30ean balkoira

12:30 izango da balkoietara ateratzeko unea: lehenik, ordu horretan minutu batek isilunea gordeko da hildakoen omenez, eta gero Txoriak txori kantatuko dute, gaixotasunaren aurkako auzolanean harrotasuna eta aurrera egiteko indarra azaltzeko. Irratietan kanta hori jartzeko eskatuko dute.

Argazkiak bidaltzeko eskatu dute 

Gainera, Aberrieguna2020.eus webgunea prest da jada norbanakoen argazki eta mezuak jasotzeko (kartelak eta irudiak deskarga litezke). Argazki horiek guztiak batu eta datorren igandean sare sozialetan zabalduko den mosaiko erraldoi bat osatuko dute. Era berean, hala nahi duen eragile guztiei ere deialdiareki bat egiteko aukera eman diete. Horrez gain, iragarri dute norbanakoen atxikimenduak jasotzeko adierazpen bat lantzen ere ari direla.