7. eguna. Kalebarreneko fruitategiaren ilaran: jauntxoak herritik kanpo

Sorapedia 2020ko api. 8a, 08:45

Kalebarreneko fruitategi parean gaudela, ikusten diren etxe guztiak nahikoa berriak dira, XVII eta XVIII mendekoak. Osakidetzako anbulategia dagoen tokian 1730 hiltegi zaharra eraiki zuten, Plaza Zaharra aldera balkoi ederra jarri zioten propio, “alkate eta zinegotziek zezenketak bertatik ikusi ahal izateko”.

Plaza Zaharraren bestekaldean, urrutian, Arregia jauregia ikusten da, dotore askoa, egundoko armarri ederra duena.

Ondo begiratu beharrekoa

Jauregia baino lehen Arregia dorretxea izan zen. Garai hartako dorretxe askoren moduan, ez zuten sarrera bakarra, hiru baizik. Sarrera nagusia mendi aldera: etxearen eta arrokaren artean pasabide estua zegoen, bertatik Gasteizetik itsasorako bidea pasatzen zela eta bidesaria kobratzeko oso leku aproposa

Sarrera gaur egun baino ia metro bat altuago zegoen, baina XX mende hasieran Gabolatserako puntu hori jan egin zuten. Atearen alboetako harri landuak ez dira beheraino heltzen, eta egurrezko atea lehengoa da, behera ekarrita eta goiko aldean kristalak jarrita.

Sotoetara sartzeko atea Plaza Zaharrean zegoen, oraindik dobelak begi bistan dituela. Goiko solairuetara igotzeko eskilara kanpotik zegoen; gaur egun berbera da, baina estalita dago eta atari barrutik sartzen da.

Armarria ez da Arregia familiakoa, Iruretarrena baizik. Arrazoia? XVI mendean dorretxe honetan “urteko ezkontza” egin zen, herriko bi famili aberatseen artekoa. Alde batetik Marina Pérez de Arregia, Arregia dorretxeko alaba bakarra eta famili ondasunen oinordeko bakarra; bestetik Martín Ibáñez de Yrure, Ibáñez de Yrure familiaren maiorazgoa eta Carlos V enperadorearen medikua.

Lotura:

http://www.sorapedia.eus/wiki/Arregia_jauregia_(eu)