Kutxa Fundazioak ezohiko dirulaguntza deialdia zabaldu du

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 3a, 11:29

Irabazi asmo bariko erakundeen ekimenak diruz laguntzeko ezohiko deialdia egin du Kutxa Fundazioak. Batik bat, deia dago zuzenduta gizarteko beharrak asetzeko esparruetan diharduten proiektuei. Atzo, apirilaren 2an zabaldu zen eskaerak aurkezteko epea eta 8an itxiko da.

Deialdiaren helburua da "gaur egun Covid-19 gaitzaren ondorioz sortu den krisiari larrialdiko erantzuna ematen ari diren irabazi asmorik gabeko ekimenak finantzatzea”, honako esparruetan:

  • Etxeko zainketak: adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko eta zaintzaileak babesteko beharrei erantzuteko.

  • Gizarte-babesa: arriskuan dauden eta/edo gizarte-egoera ahula duten pertsonen beharrei erantzuteko, bereziki genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei..

  • Haurtzaroa eta familia: gizarte egoera ahulean dauden haurren eta gazteen gizarte eta hezkuntza arloko beharrei erantzuteko.

Apirilak 8

Hori bai, Kutxa Fundaziotik zehaztu dute dirulaguntza hauek eska ditzaketela bakarrik Kutxa Fundazioaren laguntza-plataforman erregistratuta daudenek, “deialdia azkar ebatzi behar dugu eskatzen duen egoeraren larritasuna dela-eta”.

Eskaerak apirilaren 8a baino lehen aurkeztu behar dira eta 15 egunera erantzungo dituzte. Era berean, aparteko deialdi honek gehienez 300.000 euroko zuzkidura izango du, eta balorazioan puntu gehien lortzen dituzten hamar proiektuei gehienez 30.000 euro esleituko zaizkie.

Bestalde, baldintzen artean jasota dagoenez, deialdira aurkezten diren ekimenek deialdi hau argitaratzen den egunean egon behar dute martxan, eta gehienez, 2020ko irailaren 30era arteko epean burutu beharko dira.