Begira nago begira: 5. eguna: Agirreneko ilaran: herri-lan ilustratuak

Sorapedia 2020ko api. 6a, 08:45
Plaza Berriko iturria.

Egunkaria erosteko zain gaudela, Plaza Berrian egongo gara ilaran. Plaza hori 1831. urtean egin zuten, iturri eta guzti.

Soraluzentzat egundoko lana izan zen, baina baziren arrazoiak. XVIII. mendeko ilustrazioak ideia berriak ekarri zituen, eta horietako bat osasuna eta garbitasunarena izan zen. Herri eta hirietan gaixotasunak eta izurriak eta pandemiak ekiditeko, arnasguneak zabaldu ziren (plaza berriak) eta kalitatezko urak ekarri (iturri berriak).

Plaza Berria egiteko Udalak hiru etxe erosi zituen eta bota. Zorua gaurko oso antzekoa zen, baina kareharriaz eginda, eta errekarriek irudiak egiten zituzten.

Plazarekin batera iturria egin zuten, ura Ipiñarrietatik ekarri zutela. Iturriak hiru turrusta ditu, eta erabiltzen ez den ura alboetako bi askatara bideratzen da: Erregetxeak zuen mandoen joan-etorriekin, ganorazko askak premiazkoak ziren oso.

XX. mendean, plazak aldaketa bat baino gehiago jasan du, eta ez onerako: eskumako goiko ertza borobildu, harri mota aldatu, eskuman metro pasa kendu zioten…

Ondo begiratu beharrekoa

Plazak zoruan duen irudia aprobetxatuz, bertan “Txokolate lapurretan” jolasten dute umeek. Eta Kalebarren eta plazako harmaila aprobetxatuz, Kooperatiba parean, “Maria trebolinaka” egiten zen. 

Gerra ostean hasi eta Franco hil arte, plazaren izena Tercio de Montejurra izan da.

Iturriko urak Ipiñarrietatik ekartzeko, berriz, 1.336 metroko akueduktua eraiki zuten: ur-biltegiak, tunelak, zubiak, ubideak, tutuak… Sei hilabete eman zuten hura eraikitzen, eta oraindik martxan ari da.

Lotura:

http://www.sorapedia.eus/wiki/Plaza_Barria_(eu)