Begira nago begira: 4. eguna, Kooperatibako ilaran: jauntxo batzuk herri barruan

Sorapedia 2020ko api. 5a, 10:20
Kooperatibaren aurrealdea.

Kooperatibarako ilaran gaudela, gora begiratu eta Loiola-Oñaz armarria ikusiko dugu: betidanik Loiola etxea izan da eta. Baina ez du inolako harremanik jesuitekin, ezta Loiolako San Inaziorekin ere. Soraluzeko armarri hori zaharragoa da.

Gaztelako Alfontso XI erregeak Placencia de Soraluce sortzeko bere hiri-gutuna eman zionean (1343), Loiola-Oñaz jauna ere tartean egon zen, eta erregeak Soraluze barruko orube bat eman zion, sari gisa.

Dena dela, Soraluzeko Loiola-Oñaz familia eta Azpeitiko Oñaz-Loiola familiak senidetuta zeuden, eta 150 urte geroago Loiolako San Ignazio jaio zenean, Soraluzeko “lehengusu txikia” izango zen.

Bi erosi, bat eraiki

Kooperatibako etxeak zabalera arautua du: 6 kanakoa (5 bat metro). Inguruko etxeei begiratu, eta denek antzeko zabalera dutela konturatuko gara. Salbuespena, Abade-etxea (Enparan jauregia), askoz zabalagoa baita: 10 bat metro (12 kana). Arrazoia? Bi etxe arrunt  erosi, bota, eta bion tokian jauregia jaso zutela.

Eta kooperatibako ilaratik bada beste bitxikeria bat begi-bistan. Pareko etxeek aterpe modukoa egiten dute kalera, harrizkoa. Etxeak zabaltzeko modua izaten zen hori, jabeek (pribatuek) kaleari (publikoari) tokia eta argitasuna kentzen zizkioten; ustelkeria ez da, ez, gaur egunekoa.

Soraluzen kasuan, aterpe horiek bereziak dira. Beste leku askoren moduan, etxeen arteko hormak(mehelinak) kalerantz irteten dira, baina gero haien artean harrizko arkuak egin zituzten, egurrak jarri beharrean. Oso toki gutxitan ikusten dira halakoak.

Ondo begiratu beharrekoa

Kooperatibaren parean, Plaza Berria dago. Agiri zaharrek diotenez, berau egiteko hiru etxe bota zituzten. Eta plazak, Udaletxeko aldapa zabaldu baino lehen, Loiola etxea (kooperatiba) eta Enparan jauregia (Abade-etxea) hartzen zituen zehatz-mehatz.

Kalebarren 1 etxeak Plaza Berrira dituen balkoi eta leihoak begiratuta (aurreko bi solairutakoak) oso horma lodia dagoela ikusiko dugu, horma hori bi etxeen arteko horma zelako.

Azkenik, Kalebarren 1 etxean, plazako ertzean, oraindik ikus daiteke zulo bat horman, harrizko aterpearen arkua bertan sartzeko.

Loturak:

http://www.sorapedia.eus/wiki/Loiola_etxea_(eu)

http://www.sorapedia.eus/wiki/Bilakaera_urbanistikoa._Hiri_gutuna_(eu)