Begira nago begira: 3. eguna, postako ilaran: herriko harresiak

Sorapedia 2020ko api. 4a, 09:16
Ormaetxea jauregia.

Postarako ilaran bagaude, Ormaetxea jauregia daukagu bertatik bertara. Santa Ana aldeko etxaurrea harrizkoa dauka, eta honek izena ematen dio (horma etxea = harrizko horma bat duen etxea. Hau da, etxe hau jaso zutenean gainontzekoak egurrezkoak ziren). 

Etxe honek leiho gotiko bikiak ditu, eta atari gainean gurutzea. Etxe hau Irureko jauntxoek jaso zuten, Ibañez de Yrure familiakoek, Irure laga eta herrira jaitsi zirenean. Gerora, hemen ezarri zuten moja komentua, Santa Ana komentura pasa baino lehen,

Beste aldeko etxeek ere harrizko hormak ddituzte, baina beheko solairuan bakarrik. Hasieran, egurrezkoak ziren etxe guztiak (aberatsenenak kenduta) eta, suteak izaten zirenean, goitik behera erretzen ziren. Herria sortu eta ehun bat urte geroago Udalak agindu zuen etxeen arteko paretak harrizkoak eraikitzeko (hormak), baita beheko solairuen aurrealdeak ere. Gainontzekoa, lehengo moduan: adreilua, igeltsua eta egurra.

Azkenik, ibaira jaisten den pasabidea ere ikus daiteke, alde horretako etxeak bi multzotan banatzen.

Ondo begiratu beharrekoa

Ibaira jaisten de pasabide azpian ibaia dago, Soraluze zaharraren muga.

Hiribildua sortu zenean (1343) erregeak agindu zuen harresiak jasotzeko. Orduko Soraluzek erreka bana zituen iparraldean (Mendataren ostean) eta hegoaldean (Ormatxearen ostean). 

Harresiak eraikitzerakoan erreka horiek erabili zituzten muga modura: errekak lubaki naturalak zirenez, herria hobeto babestuta egongo zen.

Hegoaldeko harresia ibairako pasabidearen parean zegoen, eta bertan ate bat ere bazegoen: Kalegoeneko atea. 

Loturak:

http://www.sorapedia.eus/wiki/Bilakaera_urbanistikoa._Hiri_gutuna_(eu)

http://www.sorapedia.eus/wiki/Ormaetxea_jauregia_(eu)