Begira nago begira: ilaretan ez aspertzeko aukera

Sorapedia 2020ko api. 2a, 19:14
Bolintxoko ilaratik begira.

Koronabirusa dela eta, dendetan zain ematen genituen tarteak orain kalean eman behar ditugu, ilara batean. Gaur abiaraziko dugun artikulu-sorta honekin, ilaran eman behar dugun denboran ez aspertzeko, herriari edo herriko ezaugarriei beste ikuspegi batetik begiratzeko proposatzen dizuegu.

1. eguna. Bolintxo okindegirako ilaran: eta hemen hasi zen guztia (http://www.sorapedia.eus/wiki/Bilakaera_urbanistikoa._Hastapenak_(eu))

Labaderogainen zaude; hau da, garbitoki baten gainean. XIX. mende hasieran labadero estali handia eraiki zuten hemen bertan, andreek arropak eta garbitzeko. 1967an itxi zuten, zubi berria egiterakoan, baina ez da oraindik desagertu, gure oinen azpian dago: ibairako pasabidean dago atea (itxita, hori bai).

Soraluze sortu zenean (1343) Labaderogainen bi etxe zeuden, Bolintxoko etxeari itsatsita. Ekonomia aldetik, XVIII mende hasiera oparoa izan zen Soraluze: Udalak bi etxeak erosi, bota, eta enparantza ederra zabaldu zuen. Hurrengo urteetan, dirua zegoela eta, Udalak pareko bi etxeak ere erosi zituen, bota eta Udaletxea eraiki zuen. Halaxe agertzen da Josep Florencio Lamot-en grabatu famatuan (1756).

Bolintxo okindegiaren parean Abade-etxea dago (Enparan jauregia eta Jauregi-etxea ere). Hemen ere XVIII mendean bi etxe erosi zituzten, beraiek bota eta jauregi berria eraiki zuten, armarria eta guzti, Gaztetxeko ertzean oraindik ikus dezakeguna… ondo begiratu eta gero, zeharo deseginda dago eta!

Jauregi honek badu beste bitxikeria bat. Gaur egun, solairu bakoitzeko bost leiho edota balkoi ditu, baina hasieran, hiru besterik ez zituen. Gero bi irteera gehiago zulatu zituzten solairu bakoitzean, eta leiho batzuk balkoi bihurtu. Ate eta leiho inguruen ezaugarriek argi erakusten dute jatorrizkoak diren (harri lauak) edo gero zulatutakoak (porlanez bukatuta).

Ondo begiratu beharrekoa

Begiratu udaletxeko aldapa eta Deba Ibaira jaisten den pasabidea; lerrokatuta daude. Kasualitatea? Inola ez! Aitzina, inguru honetan bi errege-bide nagusi gurutzatzen ziren, eta Soraluze Euskal Herriko lotune garrantzitsuenetakoa zen.
Alde batetik, Bilboko errege-bidea Eibartik eta Iruretik Andikokalera zetorren, ibaia zeharkatu eta pasabide horretatik zuzenean gora San Andres eta Pagobedeinkatutik barrena Azkoitira, Donostiara eta Frantziara joaten zen: orduko Bilbao-Behobia.

Bestetik, Gasteizko errege-bidea Errabaletik zetorren Andikokalera, ibaia zeharkatu, eta pasabidean gora egin eta gero, Kalebarrenetik Ezozira eta handik Elgoibartik itsasora, Debako portura.

Bideak besterik ez zirenean, zubia egin baino lehen, inguru horretan sortu zen Soraluze, ibiaren ondoko bidegurutzean. Bertan pilatuko ziren orduko zerbitzuak: ostatuak, ukiluak, perratzaileak, tabernak, dendak… eta poliki poliki herrixka hazi zen: Soraluze.

Ah! Eta Soraluzeko gune "bero" horrek izena zuen aspaldi: Kalegurutze, gaur egun inork erabiltzen ez duena, baina.