Merkatari gehiagok erabaki dute arratsaldez ixtea, baina gehienek zabalik segituko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 1a, 11:21
Iñaki Iñarra harategian.

Tailer gehienak itxita daudela-eta, herriko hainbat saltoki arratsaldeetan ixten hasi dira, ikusita herritar gehienek goizez egin ditzaketela erosketak. Esaterako, astelehenetik, arratsaldeetan itxita da Marimar harategia, eta gaurtik, baita Estankoa ere. Gainerakoek, oraingoz, zabalik segituko dute, “herritarrei zerbitzua ematearren”.

Astelehenean, herriko tailer gehienak itxi egin zituzten, Espainiako Gobernuaren dekretuari kasu eginez. Orain, berriro ere zalantza dago enpresen jarduerarekin, Espainiako Gobernuak zirrikituren bat zein beste zabalik laga du-eta, haiek gutxieneko produkzioarekin segitzeko. Eta Soraluzen bada lanean segitzen duen enpresarik ere.

Kontuak kontu, pentsatuz tailer gehienak itxita izango direla, herriko hainbat saltokik erabaki dute goizez bakarrik zabaltzea, kalean ere ahalik eta jende gutxien ibil dadin. Horrela dihardu astelehenetik Marimar harategiak (whatsapp zerbitzua abian du), eta Estankoak gauza bera egingo du gaurtik. Lehenagotik horrela ari dira egiten, berriz, Mendizabal eta Bolintxo okindegiak. 

Gehienak zabalik

Saltoki gehienek, baina, arratsaldean ere zabaltzen segituko dute. Iñaki Iñarra harakinak esan duen moduan, harategia “negozioa” izan arren, kasu honetan, “herritarrei zerbitzua ematearren” zabalduko dute arratsaldeetan ere: “Atzo, martitzena, adibidez, lau lagun bakarrik etorri ziren arratsalde guztian, baina zabalik izaten segituko dugu, herritarrei zerbitzua ematearren. Hori bai, kaleak huts-hutsik ikusteak demaseko tristura ematen du”.