Udaltzaingoari emandako snorkel maskarak bueltan jasotzeko deia

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 31a, 13:23
Udaltzaina snorkel egiteko maskarekin.

Bost herritarrek snorkel egiteko maskarak eman dizkiote Udaltzaingoari, jakin ondoren hainbat ospitaletatik eskaera zabaldu zutela halakoak lortzeko. Baina oraindik probak egiten ari dira egiaztatzeko maskara horiek baliagarriak diren. Hala, Udaltzaingora ekarri zuten herritarrei dei egin diete maskaren bila etortzeko; haien datuak bertan jasoko dituzte, eta maskarak behar izanez gero,  jabeekin jarriko dira harremanetan.

Osasun profesionalek urpekaritza egiteko maskaren eskaera egin, eta berehala halako mordoa jaso zituzten EAEko leku askotan. Soraluzeko Udaltzaingoan bost herritarrek eman dituzte, eta bulegoan dituzte gordeta, jatorrizko poltsetan. 

Izan ere, oraingoz, ez dituzte inora ere entregatuko. Hainbat ospitaletan probak egiten dabiltza egiaztatzeko snorkel egiteko maskarak baliagarriak diren osasungintzako profesionalentzat. Oraindik ez dute egiaztatu, eta horregatik ez dira inora eraman behar. 

Bueltan jasotzeko

Hori horrela, Udaltzaingoak dei egin die snorkel maskara eman duten soraluzetarrei haien bila joan daitezen. Udaltzaingoak maskaren jabeei datuak hartuko dizkie, eta aurrerago, maskaren beharrik balego, jabeekin harremanetan jarriko dira.