Elikagaien saltokiak eragozpen barik

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 29a, 11:26
Iñaki eta Mari Carmen harategiko mostradorearen atzean, barikuan.

Bihar, astelehena, herriko industria-jarduerak etenaldiari ekingo badio ere, elikagaien saltokiek orain arteko jarduerari eutsi egingo diote. Horiek dira, adibidez, Espainiako presidente Sanchezek oinarrizkotzat jotzen dituen zerbitzuetako batzuk. Herriko merkatariei dagokienez, buru-belarri ari dira lanean, prebentzio neurriak zorroztuta, noski, eta oraingoz, ez zaie oinarrizko generorik falta izan.

Alarma egoera ezarri zenetik hortxe egon dira lehen lerroan, herritarrei zerbitzua ematen. Eta aurrerantzean ere, hortxe egoten segituko dute herriko saltzaileek, baita bihartik aurrera ere, astelehena.

Prebentzio neurriak euren kabuz hartu eta ezarri dituzte. Bakoitzak bere saltokiaren ezaugarrien arabera. Eta herritar guztiendako zerbitzua bermatu dute. Oraingo honetan, Etxabe harategian izan gara bisitan.

Iñaki eta Mari Carmen, biak ala biak mostradore atzean aurkitu ditugu, Cristina Albisuak egindako maskarez babestuta. Herritarren zaintzarako, berriz, merkatu plaza osoa inguratzen duen ilara sortu dute: alde batetik sartu beharra dago, eta bestetik irten, Etxabek erakusten duen kartelak erakusten duen modura.

Denetik dago

Harategiko produktuei dagokienez, berriz, mostradorea beteta dute, eta orain arte elikagairik ez dela falta azpimarratu dute: “Akaso beranduxeago iritsi daiteke produkturen bat, baina gabeziarik ez dugu”, dio Iñaki Etxabek.