Eskerrik beroenak anbulatorioko langileei

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 27a, 13:05

Gaur, 12:00etan, Udaltzaingoaren patruilak bozgorailuetatik Resistire kantuaren koronabirusaren bertsioa jarri diete anbulatorioko langileei. Haiek, egunotako lan-jardun gogorrean etentxo bat egin dute, kalera jaitsi dira, eskerrak eman dituzte, indartsu daudela erakutsi dute, eta jendeari etxean gelditu dadila eskatu diote. Gaur ere, 20:00etan herritar ugarik egingo diete txalo leihoetatik eta balkoietatik.

Azken egunotan, Udaltzaingoaren patruila musikalak geldialdi berezia egiten dihardu anbulatorioaren aurrean, 12:00etan. Egun gogorrak bizitzen ari dira bertako langileak, eta aitortza eta omenalditxo modura, Duo Dinamicoren Resistire kantuaren bertsioa ipintzen diete udaltzainek.

Bederatzi langile

Gaur ere, barikua, halaxe egin dute. Anbulatorioko medikuek eta erizainek eskerronez hartu dute ekimena. Kalera jaitsi dira, txaloka egin dute, dantzan ere bai, eta erakutsi dute indartsu daudela, lanean segitzeko. 

Hortxe, lan eta lan egon dira egunetik egunera Lourdes Letona, Ana Zubiaurre, Rocío Flores eta Amaia Muniain medikuak; Alazne Mujika, Belen Lizaur eta Inma Zurieta erizainak, Yolanda García eta Maria Belen Ulacia administrariak eta formazioa egiten dabilen Ruth erresidentea. Bejondeizuela, eta mila esker!