Soraluzeko Mugimendu Feministaren gutuna Nuñez-Gomez sendiari

Egoitz Unamuno 2020ko mar. 26a, 20:00

Soraluzeko Mugimendu Feministak gutuna helarazi dio Gomez-Nuñez sendiari eta sendiaren baimenarekin publiko egin du. Gutunean, mugimendu feministak  "autokritika" ere egin du, esanez, martxoaren 16an, Octavia Gomezen hilketa gertatu osteko momentuan, ez zutela sendiaren mina "behar beste" kontuan hartu. Horrekin batera, "elkartasuna eta babesa" adierazi dizkio sendiari.

Gutunaren testua osorik:

Soraluzen, 2020ko martxoaren 21ean

Nuñez Gomez sendiari:

Badakigu oso egoera gogorra bizi duzuela azken egun hauetako gertaerak direla-eta,
horregatik, Soraluzeko mugimendu feministako kideok jakinarazi nahi dizuegu saminean
lagun gaituzuela eta bat egiten dugula zuen minarekin.

Bestalde, jakin dugu deseroso sentitu zaretela alde batetik, gure taldeak antolatutako
protesta ekimenengatik, eta, bestetik, taldeko inor ez garelako zuekin harremanetan jarri.
Sentitzen dugu zuen samina areagotu badugu, ez zen hori gure asmoa. Dena den, taldean
hausnarketa egin dugu eta jabetzen gara ez dugula zuen mina behar beste kontuan izan.
Hori dela-eta erabaki dugu zuei gutun hau idaztea.

Aitortzen dugu protesta ekimenetara deituz egindako adierazpen publikoetan falta izan
zaigula familiari, zuei, gure babesa eta elkartasuna adieraztea, eta benetan sentitzen dugu
hala egin ez izana. Beraz, lehen egin ez duguna egin asmoz idazten dizuegu.

Gure mugimenduarentzat ere gogorra izan da gertatutako guztia, eta gure jarduna hobetu
nahi dugulako gertatutakoa autokritika egiteko, hausnartzeko eta gure jarduna hobetzeko
erabiliko dugu.

Gure jarrera ulertuko duzuelakoan (edo, behar bada, ez), agur bero bat eta besarkada estu
bat mugimenduko kideon partez.

SORALUZEKO MUGIMENDU FEMINISTA