webseriea

Plaentxia.eus-ek ‘Gorabeherak’ webserie berria eskainiko du hamabostean behin

Egoitz Unamuno 2020ko mar. 26a, 14:28

Gertuko informazioa entretenimenduko edukiekin osatu nahian, Plaentxia.eus-ek ikus-entzunezko eduki berri bat eskainiko du ostiral honetatik aurrera: ‘Gorabeherak’ izeneko umorezko saila. Lehen kapitulua, bihar, goizeko 10:00etatik aurrera izango da ikusgai.

Gorabeherak atal laburrez osatutako umorezko sail berritzailea da. Kapitulu guztiak igogailu berezi batean gertatzen dira: hilberriak zerura ala infernura eramaten dituen igogailuan, hain zuzen ere. Bertan, igogailuzain xelebre bat izango da, Ramon, hurbiltzen diren hildako famatuei harrera egingo diena. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako.

Formatu bertikalean

Websaila Ttap aldizkari digitalaren lantaldeak ekoitzi du, eta hainbat ezaugarri berritzaile ditu. Nabarmenena, zalantzarik gabe, formatu bertikalean grabatuta egotea, mugikorretan ikustea errazte aldera. Aiurriren webgunean ere bisiten gehiengoa mugikorretatik dator jadanik, eta hori dela eta, eduki berria ezin egokiagoa iruditu zaigu gure erabiltzaileontzat.

Kepa Errastiren gidoia

Gorabeherak sailaren gidoiak eta zuzendaritza lanak Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak egin ditu, eta Ramon pertsonaia ere berak gorpuztuko du atal guztietan. Harekin batera, Nerea Arriola donostiarra azalduko da pantailan, igogailura hurbilduko diren pertsonaia ezberdinak antzezten. Biek ere lan aparta egin dute, eta bereziki ikusgarria da Nereak atal batetik bestera jasaten duen itxuraldaketa, karakterizazio prozesu luze eta astunak pasatu ondoren. Atal laburrak eta pantaila txikian ikusteko pentsatuak badira ere, atzetik produkzio lan handia du 'Gorabeherak' sailak.

Websaila Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Bertako Igogailuak enpresaren babesaz ekoitzi da. Laguntza horri esker, ekoizpena mimo handiz egin ahal izan da, eta emaitza ostiral honetan hasita ikusi ahalko duzue, hamabostean behin, Plaentxia.eus webgunean, edota Ttap aldizkarian.

Ttap aldizkaria

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan, Ttap aldizkari digitaleko helbidearen bidez.