Martxoaren 20an, Plaentxia.eus atariaren bitartez, Cristina Albisuak jakinarazi zuen maskarak egiten eta doan ematen hasiko zela, herriko saltokietan prebentziorako materialik ez zegoela ikusita.
Enpresetatik ere bai
Harrezkero, sei egun pasatu dira, eta dagoeneko 202 maskara egin ditu jostunak. Egunotan, Soraluzeko saltzaile ugari ari dira hark egindako maskarak jantzita lanean: harakinak, Kooperatibakoak, Iratxo goxo-dendakoak, postaria...
Albisuaren maskarak jantzi dituzten azkenak Industrias Fer eta Urrestarazu Metalworking enpresetako langileak izan dira. 35 maskara eskatu dizkiote bi lantokietatik.
Material bilketa
Eskari eta lan-kopurua ikusita, batek baino gehiagok esan dio Albisuari zertxobait kobratzen hasi beharko litzatekeela. Baina berak ezetz dio: “Materiala dagoen bitartean, ez dut kobratuko”.
Hain zuzen, etxean zuen materialarekin hasi zen lanean Albisua, eta hura agortu zitzaionean, materiala batzeko deialdia egin zitzaien herritarrei. Ordutik, egunero dago Iratxo goxo-dendan poltsa edo kaxa bete tela, goma eta hari, jostunari eramateko. Udaltzaingoa arduratzen da garraio-lanak egiteaz, Albisua ezin da-eta kalera irten, arrisku handiko pertsona baita.
Inguruko guztiak lanean
Telak batzeko sareaz aparte, maskarak josteko sarea ere sortu da Albisuaren ekimenaren bueltan. Haren familia guztiak dihardu josi eta josi -ahizpak, senarrak...- baita bizilaguna duten Mariola ere.
Gainera, Albisuaren ekimena inspirazio-iturri ere ari da izaten; adibidez, Saadia Nasir jostuna ere hasi da maskarak josten, behar dute guztiendako.
ETBn
Bestalde, elkartasun ekimen honek herriaren mugak gainditu eta atzo gauean, eguaztena, ETB1en elkarrizketa egin zion Klaudio Landak. Hemen klikatuta ikusgai.