Gizpuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, bataz beste, Lurraldebus zerbitzuan ezarritako murrizketa % 54koa da. Hala ere, bidaiarien artean ahalik eta tarterik handiena bermatzeko, hainbat linea indartu egingo dituzte bete egiten direlako. Ospitaleetarako zerbitzu eskaintza, esaterako, % 100 mantenduko da, bai zapatu eta jai egunetan, eta baita aste egunetan ere.
Aurretik, Lurraldebusen beste hainbat murrizketa ezarri dira alarma egoera deklaratu zenetik: lehenengo, gaueko zerbitzuak kendu ziren; eta gero, hilaren 16an, % 45,87 murrizketa etorri zen, beti ere "lan ordutegiarekin bat datorren ordutegia bermatuz".
Ordutegien gaineko edozein zalantza argitzeko, Lurraldebusen bezeroarentzako arreta zerbitzura deitu daiteke: 900 900 340. Edo kontsulta egin webgunean: www.lurraldebus.eus.
Bidaiariak atzeko atetik
Autobuserako sartu-irtenak atzeko ateetatik egin behar dira alarma egoera ezarri zenetik; eta ezin da eskudirutan ordaindu. Edukierari dagokionez, heren batera mugatuta du. Lekuak, bai eserita joateko, bai zutik joateko, seinaleztaturik daude.
Horrekin batera, jakinarazi dute autobusak gutxienez egunean behin garbitzen eta desinfektatzen jarraitzen dutela. Bestalde, indartu egin dute Gasteizeko, Bilboko eta Donostiako geltokietako eta Bilboko aireportuko garbiketa.