Koronabirusa

Beste herritar bat ingresatuta, eta 7-8 familia berrogeialdian

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 25a, 09:26

Anbulatorioko sarrera.

Herriko datuek okerrera egin dute. Dagoeneko bi soraluzetar daude ingresatuta koronabirusarengatik; 7-8 familia, berriz, etxean dira berrogeialdia egiten, koronabirusa izan dezaketelakoan. Eta anbulatorioko medikuak eta erizainak material barik geratu dira.

 

Oraingoz, bi soraluzetar daude koronabirusarengatik ospitalean ingresatuta. Bat joan den astean, eta beste bat aste honetan. Positibo eman dute probetan.

Probarik ez

Beste soraluzetar asko, berriz, etxean daude, susmopean. Halaxe jakinarazi du anbulatorioko mediku Lourdes Letonak: “Asko dira haiekin kontaktua izan dutenak, eta horiek berrogeialdian daude. Bestalde, lehenagotik bazegoen hainba herritar bajan Covid-19a izan dezaketen susmopean berrogeialdia egiten. 7-8 bat familia egongo dira susmopean. Baina ez dakigu kutsatuta dauden ala ez, probak bakarrik egiten baitzaizkie ingresatzen dituztenei”.

Buzo barik

Bestalde, herriko anbulatorioko langileen egoera ere gogortzen ari da: “Jendea estresatzen hasi da. Susmopean dauden etxeetara joateko buzoak agortu egin zaizkigu, ebolarako geneukan materiala agortu egin zaigu. Kontsultetan, bai, hor babestuta gaude. Eta lagun batzuek txanoak eta karetak bidali dizkigute. Baina guri ere, positibo izan diren hainbatekin harremana izan dugun arren, oraindik, ez dizkigute probak egin”, kontatu du medikuak.