Gaur eguerdian, jende gutxixeago

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 23a, 19:09

Kalebarren ia hutsik.

Gaur goizean, astelehena, aurreko asteko astegunetan baino jende gutxixeago ibili da kalean. “Herritar asko erosketen zerrendarekin etorri da, guztia batera egiteko”, kontatu du Itziar Agirrek. Goizean denda guztiak zabalik izan dira. Mendizabal eta Bolintxo okindegiek, berriz arratsaldean itxi egin dute.

Goizean goiz, jende nahikotxo ibili da erosketak egiten. Baina asko ohitutak aldatuta aritu dira. “Orain arte, batzuk egunean hainbat bider irteten ziren kalera erosketak egitera; orain, berriz, batzuk erosketa zerrendarekin etorri dira, erosi beharreko guztiak erosi eta etxera joateko”, kontatu du Itziar Agirrek, Iratxo saltokiko ugazabak.

Arratsaldez itxita

Eguerdian, igarri da jarrera aldaketa hori. Ez zegoen ia batere ilararik. Hala, Mendizabal eta Bolintxo okindegiek erabaki dute arratsaldeetan ez dutela zabalduko, eta bestelako saltoki batzuek ez dute baztertzen gauza bera egitea.

“Guk ere pentsatu dugu”, dio Agirrek, “oraingoz, baina, zabalik segituko dugu. Guraso asko umeen eskolako lanak hemen ari dira inprimatzen, eta gaur arratsaldean halako asko etorriko dira”, gaineratu du.

Zabalik

Kooperatibak ere zabalik segituko du arratsaldeetan, nahiz eta bertako langileek aitortu lan eta lan ari direla, “ordu mordoa” lanean. “Lantegiek zabalik segitzen duten bitartean, hemen egongo gara, Lanean dabiltzan langile askok arratsaldean erosi besterik ez dute”, esplikatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.