Elkartasun ekimenak

Soraluzeko “makers”-ak martxan

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 23a, 09:02

Ander Ariznabarreta eta Iosune Jauregi ere “behar dutenendako” maskarak egiten hasi dira. 3D inprimagailua dute etxean, eta harekin egin zuten lehen maskara, atzo, domeka. Gainera, norberaren aurpegira egokitzen diren maskarak dira, garbitu egin daitezkeenak. Eskaerak egiteko: 635 20 67 40 (Iosune).

Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, makers-ak bilakatzea erabaki dute Ander Ariznabarretak eta Iosune Jauregik, “laguntza behar dela ikusita, guk ere ahal dugun guztian laguntzeko”, adierazi du Jauregik.

Izan ere, bikoteak 3D inprimagailua du etxean. “Euskal Herriko makers plataformarekin batera, 3D inprimagailua baldin baduzu, besteak beste, maskarak egin ditzakezu etxean. Facebooken eta telebistan azaldu ziren halako ekimenak egiten zituztenak, eta guk gauza bera egitea erabaki dugu”, esplikatu du Jauregik. Horretan aritu ziren atzo, domeka, maskara egokia lortu arte.

"Oso-oso merkeak"

Bi ordu behar dira bat egiteko, “baina oso-oso merkea da”, dio Iosune Jauregik, 0,40-0,45 zentimoko kostua du batek. Inprimagailuz egindako maskara horiek norbere aurpegira egokitu egiten dira. “Inprimagailutik plano,  irteten dira, eta gero, ile-lehorgailu baten laguntzarekin handitu egiten dira, haren haizearen berotasunari esker, aurpegira egokitu arte".

Maskara, gainera, erabili eta gero, oso-osorik garbitu egin daiteke, baita barruko filtroa ere (bigarren bideoan ikusgai).

Lehenagotik etxean zuten materiala erabili dute maskara egiteko, PLA izena duena. Eta gertu daude behar duten guztiendako egiteko. “Momentuz, Soraluzekoendako egiten hasiko gara”, dio.

 

 

Erlazionatuak

Maskarari filtroa zela ipini

Ubane Madera Zangitu 2020 mar 23 Soraluze