Barikuan, demaseko ezustekoa bizi izan zuten Kooperatiban. Eguerdi inguruan, Ana Sebal lankidea ondoezik sentitzen hasi, eta zorabiatu egin zen. Ahaleginak egin arren, lankideek ez zuten lortzen guztiz bere onera bueltatzea.
Ingresatuta segitzen du
Hori ikusita, medikuari abisatu zioten, eta hark, berriz, anbulantziari. Azkenean, Mendaroko ospitalera eroan zuten Kooperatibako langilea. Ana Sebalek berak jakinarazi digu ingresatuta jarraitzen duela. Medikuek hainbat proba egin dizkiote, eta hasiera batean, uste dute estresa izan zela ondoeza eragin ziona. Datozen egunetan proba gehiago egingo dizkiote.
Dendariak ere "lehen lerroan"
Izan ere, egunotan, herriko saltokietako langileak ere egoera gogorra ari dira bizitzen. Lan egiteko modua eta jarduna goitik behera aldatu behar izan dute, egunetik egunera eguneratzen doazen neurri berrietara egokitu eta herritarren eta euren segurtasuna bermatzeko.
Horrez gain, “lehen lerroan” dihardute lanean, kutsatzeko arrisku handiagoa dute, eta herritarren urduritasunetako asko ere jasan behar izaten dituzte.