Guztira, 42 soraluzetarrek eskatu dituzte aurten Nafarroako Erriberako neskazarien produktuak, 5.000 euro baino gehiagoko balioa duen eskariak eginda. Olioa, zainzuriak eta potxak izan dira soraluzetarrek gehien eskatu dituzten produktuak tomate frijitu, orburu eta barazki menestrarekin batera. Herrian kanpaina bideratu duten eragileak; Pil-pilean, Iratxo eta Arrano taberna, gustura daude soraluzetarrek eman duten erantzunarekin.
Banaketa-egunak atzeratu dituzte
Errigoraren antolakuntzak azaldu duenez, aurreikusita zeuden banaketa egunak atzeratu egingo dira eta osasun-neurriak altxatzean jakinaraziko dituzte data berriak. Errigoraren antolakuntzak ondorengo oharra zabaldu du:
Kaixo lagun,
lehenik eta behin, mila esker zure eskaeraren bidez #ESKUTIKeskura kanpainan parte hartzeagatik. Berriro ere milaka izan gara, harrotasunez, bestelako eredu baten aldeko hautu apala egin dugunok.
Tamalez, COVID-19 gaixotasunaren zabalpena mugatzeko hartu diren neurriek ezinezko egingo dute oliba-olioaren banaketa aurreikusita zegoen egunetan egitea. Data berri bat ematea gustatuko litzaiguke, baina zalantzaz jositako egun hauetan, ez dugu jakiterik ezohiko osasun-neurriak noiz altxatuko diren.
Momentu hori heltzean zuzenduko gara berriz zugana banaketaren data berriak jakinarazteko. Egoera ulertuko duzulakoan, jaso agur bero bat eta laster arte.
ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN
Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.