Tantaka-tantaka, gero eta gehiago dira Covid-19az kutsatutako pertsonak. Atzo, soraluzetarra ingresatu zuten Mendaron, Covid-19aren proban positibo eman eta gero.
Mendaron ere bai
Bestalde, Mendaroko ospitalean bertan ere mendikuren batek positibo eman du eta larrialdi zerbitzuko hainbat erizainek ere bai. “Horrek esan nahi du haien inguruko askok berrogeialdia hasi beharko dutela, eta ondorioz, hainbat egunez sanitario gutxiago izango direla lanean”, azpimarratu du Soraluzeko anbulatorioko Lourdes Letona medikuak.
Lan mordoa
Medikuak jakinarazi du topera dabiltzala udalerriko larrialdiei arreta ematen eta etxeko bisitak egiten.
Gainera, etxeetara joatean, gaixo dagoenak Covid-19 izan dezakeen susmoa badute, jantzi babesgarriak jantzi behar izaten dituzte etxera sartu aurretik, eta hori egiteko denbora eta baliabide asko behar izaten dute: “Material oso gutxi dago. Gu ari gara erabiltzen ebolaren balizko izurriterako gordeta genituenak. Gainera, denbora asko behar da janzteko, eta modu berezian erantzi behar ditugu jantzi horiek; ondorioz, laguntzailea eraman behar dugu, norbera ez kutsatzeko”.
Jende larregi kalean
Horrekin batera, medikuak kontatu du atzo “sekulako haserrea” sentitu zuela herriko kaleetan ikusi zuenarekin: “Larrialdi mordoa geneukan, etxeetara joateko eskaera asko, eta larrialdi bat artatzeko kalera irten nuenean, horrek zirudien Benidorm abuztuan. Desastre hutsa. Nagusi mordoa zegoen, geldi, elkarren artean berbetan. Nik neuk 90 urteko bat bidali nuen etxera. Ez daude kontzientziatuta, eta datorrena sekulakoa da”, dio medikuak.