Espilla baserrian bi etxebizitza daude eta Larreategi anai-arrebak bizi dira bertan. Alde batean Olatz Larreategi bizi da eta bestean Asier anaia, bakoitza bere familiarekin. “Gu gara dena bat baina ahalegintzen gara denborarik gehiena bakoitza bere etxean egiten, astegunean behintzat. Gero asteburuan elkarrekin egoten gara”.
Jakitun da egunotan baserrian bizitzea abantaila handia dela. “Gu baserrian ondo gaude, kanpora irteteko eta haizea hartzeko aukera daukagulako. Etxe ondoko jardinera ateratzen gara edo ortura, lanak egitera. Umeekin egoteko abantaila handia da hori”. Gainera, Espillan kirola egiteko lekua ere badute, rokodromo eta guzti. Hala ere, zer pentsatua ematen dio umeek pantailaren aurrean ematen duten denborak. “Lehen ere bagenuen arazoa mobilarekin eta telebistarekin eta orain gainera etxekolanak ordenagailuz egiten dituzte eta musika eskolak Skype bitartez jasotzen dituzte eta dena horrela. Garbi dago pantailena eroaten ikasi beharreko kontua dela, gaur egun hori barik ez dagoelako bizitzerik”.
Gainerakoan, etxetik kanpoko lana eta umeen eguneroko zaintza uztartzeko arazoak antzekoak dira. Olatzek eta Unaik, biek lan egin dute etxetik kanpo, eta egunotan zaintzaile bat kontratatu behar izan dute goizetan eskolarik barik dauden Antxon eta Beñat zaintzeko. Arratsaldetan eurak moldatu dira. “Nik Zumaia egiten dut lan mediku azterketak egiten dituen enpresa batean eta Unaik irakasle dihardu Beasaingo eskola batean. Nik eskatu dut etxetik lan egiteko aukera baina niri ez didate eman. Unairi etxetik lan egiteko aukera eman diote eta hemendik aurrera bera egon ahalko da etxean”.