Elkartasun ekimenak

Elkartasun keinuak

Erredakzioa 2020ko mar. 20a, 09:51

Cristina Albisua maskarak joaten.

Koronabirusaz babesteko material faltan, Cristina Albisua jostunak, maskarak eskuz egiten hasi, eta beharra duten guztiei eskaini dizkie, doan. Bestalde, ileapaindegi batek eskularruak eskaini dizkio Mesedeetako egoitzari.

Saltokietan prebentziorako materialik ez dagoela ikusita, Cristina Albisuak erabaki du berak sortuko dituela. Eskulangilea da Albisua, Orratz markapean, koloretako oihalekin, berak jositako poltsak, zakuak, estutxeak... egiten ditu, eta artisau azoketan-eta saldu.

Maskarak doan

Orain, maskarak josiko dituela erabaki du, saltokietan-eta ez daudenez, haien beharra dutenei emateko. "Ahizparendako zortzi egin ditut, Ogiberrirako, eta Criado fruta-dendarako beste bi. Kotoizkoak dira, barrutik izaraz babestuta. Behar duten guztiendako egingo ditut: saltokietako saltzaileendako, nagusiendako... doan, noski", azpimarratu du.

Behar duenak telefonoz edo whatsappez eska diezazkioke: 625 70 99 51.

Maskara mota horiek babesteko egokiak diren galdetuta, Lourdes Letona medikuak adierazi du hobe dela horrelako bat jantzi, ezer ez janztea baino, batik bat herritarrek.

Eskularruak

Bestalde, Mesedeetako egoitzan ere materiala falta zutela jakin ondoren, bertako zuzendari Elena Beristainek jakinarazi du ileapaindegi batek eskularruak eskaini dizkietela: "Benetan detalle latza izan du", azpimarratu du Beristainek.