Koronabirusa

Oraingoz, Soraluzen ez dute positibo kasurik baieztatu

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 19a, 18:09

Osasun zerbitzuek egindako proben eta emaitzen arabera, oraingoz ez dago koronabirusaz kutsatutakorik Soraluzen. Anbulatoriotik eta Mesedeetako egoitzatik bidalita zeuden hainbat proba, eta guztiek eman dute negatibo. Horrek, baina, ez du esan nahi ez dagoela kasurik, jakinekoa da-eta, orain arte, probak bakarrik arrisku kasuetan egin dituztela. Barruan, herriz herriko datuak.

Datu ofizialen arabera, oraingoz, Soraluzen ez da Covid-19az kutsatutako herritarrik. Anbulatoriotik zein Mesedeetako egoitzatik hainbat heritarren analitikak bidalita zituzten, eta guztietan emaitza negatiboa izan da. Justu, gaur eguena, jaso dute egoitzan eurek bidalita zuten analitikaren emaitza, eta negatiboa izan da.

Horrez aparte, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaz kutsatutako herritar kopuruaren zerrenda osoa argitaratu du, pandemia hasi zenetik, atzora arteko datuekin. Eta zerrenda horretan ere ez da Soraluze azaltzen.

Jaurlaritzako informazioaren arabera, berriz, Mendaron hiru lagun daude ingresatuta koronabirusarengatik.

Proba gehiago

Orain arte positibo eman duten herritarren artetik, berriz, 607 gizonezkoak izan dira (%51), eta 583 emakumezkoak. (%49), beraz, birusak antzera eragiten du bi kasuetan.

Datuak onak izan arren, horrek ez du esan nahi kutsaturik ez dagoenik udalerrian. Izan ere, orain arte koronabirus probak bakarrik egin dizkiete arrisku handiagoa duten herritarrei. Orain, agintariek test gehiago egiteko asmoa helarazi dute, eta litekeena da haien emaitzek kasu berriak azaleratzea.

Bihar, anbulatorioan lanean

Bestalde, bihar, barikua Soraluzeko anbulatorioan lanean jardungo dute bertako langile guztiek. Asteon aplikatutako neurri bereziek, baina, indarrean diraute; beraz, beharra duenak telefonoz deitu eta arreta emango diote: 943 75 23 00.

Herriz Herriko datuak