Erakunde publikoen informazioa

Zapatu goizean baserritarren azoka egingo da

Egoitz Unamuno 2020ko mar. 19a, 09:54

Arizaga baserriaren postua Kontzejupean.

Aste barruan merkatu plazan baserritarrek postuak ipintzen jarraitu duten bezala, zapatu goizean ere Kontzejupean egiten duten azoka ere egin egingo dute. Udalak, bere aldetik, gune horietan osasun baldintzak zaintzeko hartuko diren babes-neurrien berri eman du.  

Oro har, "postuetarako sarrera kontrolatu egingo da bertan jende pilaketarik ez dadin gerta ez dadin eta segurtasun tarteak bermatu daitezen". Gainerako neurri zehatzak ondorengoak dira:

Baserritarrentzako neurriak:

  • Saltzaile bakarra postu bakoitzeko.
  • 65 urtetik gorakoek edo arrisku-taldekoek ezingo dute etorri (arrisku taldeak dira bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplantatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak… erreferentzia gisan urtero gripearen txertoa jasotzeko gomendio-eskutitza jasotzen dutenak).
  • Eskularruak erabiltzea derrigorrezkoa izango da (materiala norberak ekarri beharko du).
  • 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu beharko da baserritarren artean.
  • 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu beharko da baserritar eta erosleen artean eta horretarako zoruan zinta koloretsuak jarriko dira.
  • Erosketa bakoitzetik bestera, eskuak desinfektatu beharko dira.
  • Produktuak, baserritarrak bakarrik ukitu ahal izango dituzte.

Erosleentzako neurriak:

  • Familia bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da erostera.
  • Ez etorri ume edo helduekin.
  • Arrisku-talde batekoa bazara ez joan azoka. Arrisku taldeak dira bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplantatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak… erreferentzia gisan urtero gripearen txertoa jasotzeko gomendioeskutitza jasotzen dutenak).
  • 1,5 metroko segurtasun tarteak mantendu behar dira bai baserritar eta baita erosleekin.
  • Produktuak ezingo dira ukitu.
  • Postu bakoitzaren aurrean bezero bakarra egon ahal izango da, eta itxaroten dagoen hurrengo pertsona 1,5 metro atzerago egon beharko da, eta horrela urrenez urren.

Ordutegia, berriz, ohikoa izango da merkatu plazan nahiz zapatuko azokan: 08:00-13:00.